
Urriaren 13an ekingo diote 'Zorion perfektua' filmatzeari
Kultura Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako filma Javier Elortegik zuzenduko du; estra lanetarako aktoreen hautaproba atzo egin zuten Gaztelekuan
xabi aizpurua ugarte
«Begiratu kamerari. Egin irribarre. Klik! Jarri albozka eta mugitu sorbaldak. Klik! Kito. Hurrengoa». Kiko Jauregi argazki kamera eskuan hartuta eta Binahi agentziako beste bi kide datuak hartzen, Zorion perfektua filman jardungo duten estrak aukeratzeko hautaproba egin zuten atzo Zarautzen. Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako filma urriaren 13an hasiko dira filmatzen Donostian, eta zati esanguratsu bat Zarautzen bertan filmatuko dute.
Javier Elortegik zuzenduko du filma, Pausoka ekoiztetxearekin. Estrak aukeratzeko lana, ordea, Binahi agentziari esleitu diote eta beraiek izan ziren atzo Gaztelekuan. Guztira, 100 lagunetik gora izan ziren probak egiten eta interesa dutenek oraindik 688 644414 telefonora deitu dezake.
«Edozertarako prest»
Batzuk aldez aurretik izena emanda baldin bazeuden ere, beste asko egunean bertan erabakita joan ziren Gaztelekuko hautaprobara. 65 urteko Sagrario Orenak, esate baterako, ordu batzuk lehenago izan zuen hautaprobaren berri: «Egunero goizeko 07:00etan kafea hartzera joaten naiz, eta han esan didate proba hau zegoela, eta ea ez al nuen etorri behar galdetu didate erdi brometan. Niri berdin-berdin zaidala esan diet, eta azkenean, telefonoa hartu eta deitu egin dut. Ez dakit zertan jarriko gaituzten, baina biluzik irten behar baldin badugu ere igoal zait. Edozertarako prest nago».
Eneritz Aulestia eta Natalia Vahl gazteentzat lehenbiziko hautaproba izan zen atzokoa. «Agian ateak irekitzeko balioko» duela uste du Aulestiak. Vahlek, berriz, errealismoa jarri dio kontuari: «Honekin ez gara Holliwoodera joango. Baina lan bila nabilenez, eta diru apur bat ematen dutenez, proba egitera etorri naiz eta orain ea zer pasatzen den».
Lanbidez gidaria den Juan Mari Arregirentzat, aldiz, atzokoa ez zen lehen aldia izan. Goenkalen eta zenbait iragarkitan parte hartutakoa da. «Saltsa honetan gustura ibiltzen naiz. Horregatik nator, emandako diruagatik ez behintzat!», zioen Arregik.
Igartiburu protagonista
Neskatxa gazte batek atentatu bat ikusten du kasualitatez eta horrek bere ohiko bizitzan duen eragina kontatzen du Zorion perfektua liburuak. Dena den, filman protagonista helduagoa izango da eta flashback edo atzerabegirakoekin jokatuko dute istorioa kontatzeko. Hain zuzen ere, Ane Igartiburu elorriarra izango da protagonistaren papera jokatuko duena. Besteak beste, Elena Irureta aktorea ere ariko da filmean.
Udazken honetan grabatutako filma 2009ko Zinemaldian estreinatzea espero dute.
############
«Gatazkaren azaleko ikuspegia baino sakonagora joaten saiatu behar du idazleak»
anjel lertxundi ð`Zorion perfektua´liburuaren idazlea
Idazlea Lertxundik gidoiak egokitzen lagundu die ekoiztetxeko gidoilariei baina ez du tentaziorik izan zuzendari lanetan aritzeko
x.a.u.
Hamaseigarrenean aidanez nobelarekin batera, filma bihurtuko den bere bigarren eleberria izango da Zorion perfektua Anjel Lertxundirentzat (Orio, 1948). 2005ean Patxi Barco zuzendariak egin nahi izan zuen, baina diru laguntzek beste norabide bat hartu zutelako atzeratu egin zen.
2005ean ziren filmatzekoak eta azkenean orain hasiko dira. Luzea egin al zaizu prozesua?
Kontu hauek zinema munduan oso ohikoak izaten dira eta kasu zehatz honetan, gainera, telebistarako zen produktu bat orain zinemarako egitea erabaki dute. Zinemarena ez da idazlearen bakardadeko martxa.
Gidoiaren moldaketan hartu al duzu parte?
Hasiera-hasieratik esan nuen liburu batean oinarritutako filma egiten denean, filma egiten duenaren erantzukizun artistikoa dela. Dena den, gidoilariekin harreman estuan egon naiz, pausoak jarraitu ditut eta azkenean elkarrizketak nik idatzi ditut. Bertsio asko egin dugu, ikaragarri landu dugu eta nahiko txukun gelditu da.
Ikuspuntu aldetik, zer ekarpen egin diezaioke filmak gatazka politikoaren gaiari?
Istorio honetan, gatazkaren kontua baino gehiago agertzen da pertsona jakin bat tragediaren aurrean. Eguneroko ohikotasunaren erdi-erdian tragedia lehertzen da, hori da gaia. Gainera, literarioki eta artistikoki, gatazkaren azaleko ikuspegia baino sakonagora jotzen ahalegindu behar du beti idazleak, bestela hobe da egunkari edo paskin bat egitea.
Hamaseigarrenean aidanez filma zeuk zuzendu zenuen. Oraingoan ez al duzu tentaziorik izan?
Hura esperientzia bat izan zen eta oso ondo etorri zitzaidan nire ikaskuntzarako. Baina ni idazlea naiz, eta zinemak ahalegin handia eskatzen du. Ez nuen pentsatu ere egin.
Bai 80ko hamarkadan eta bai azken urteetan, euskarazko film asko nobeletan oinarritu dira. Zinemarako espreski eginiko sorkuntza falta al da?
Hori beti gertatzen da hastapenetan dauden zinemetan. Ez baldin badago azpiegiturarik eta ez badago horretarako esperientziarik, normala da bidean dagoenari heltzea. Indartsu dauden zinemek ere nobeletara jotzen baldin badute, gurea bezalako egoeran ere normala da. Ez diot joera hori onena denik, baina bai ohikoa.
############
Erakusketa
'Mundua zulo baten bidez ikusita', Aldundiaren bilduma
ZARAUTZ, Photomuseum - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.