
Parkinsona duten gaixoei dei berezia egin die Aspargik, «ez dezaten bakarrik bizi»
Gizartea Langile berria izango da urriatik aurrera astero, gaixoei eta beraien senideei zerbitzuei buruzko aholkuak emateko
xabi aizpurua ugarte
Aspargi elkarteak parkinsona duten gaixoak eta beraien inguruko senideak biltzen ditu. Atzo aurkeztu zituzten ikasturte berrirako asmoak eta dei berezia egin nahi izan zieten gaixoei Aspargira gerturatu daitezen. Elkarteko kideek emandako datuen arabera, 100 lagun inguruk daukate parkinsona Urola Kostan. Aspargi elkartean, ordea, 12-13 soilik biltzen dira. Kopuru hori handitu eta parkinsona duten gaixoei ematen dizkieten zerbitzuen inguruko berriak ahalik eta gehien zabaltzea dute helburu.
Aspargiko lehendakari Carmen Olazabalen hitzek argi utzi zuten parkinsona duten askok ez dutela erakutsi nahi izaten: «Batzuk beraien gaixotasuna ezkutatzen saiatzen dira, baina horrela laguntza kaskarra ematen diote beraien buruari. Eta aislamendua edo bakarrik geratzea izan daiteke gerta dakiekeen gauzarik okerrena. Aspargiko bulegoan ematen dizkiegun aholkuek eta argumentuek gaixotasuna askoz hobeto jasaten laguntzen die».
Laguntzaile berria
Aspargik Zarautzen du bere bulegoa, baina Urola Kosta guztiko gaixoak bildu nahi ditu bere baitan. Orain arte, aholkuak eta laguntza ematen bertako kide batek jarduten zuen, baina hemendik aurrera Donostiako bulego orokorretik etorriko da laguntzaile berria, Felix Perez. Bere hitzetan, «garrantzitsua da gaixoek non gauden jakitea. Ez daitezen bakarrik sentitu eta ez dezaten bakarrik bizi parkinsona».
Laguntza psikologikoaz gain, logopediako zerbitzua ere ematen dute. Dena den, informazio guztia ostegunero emango du Perezek 10:00etatik 14:00etara, Galtzada kaleko bulegoan,Lizardi Institutu berriaren atzean.
Bestalde, Aritzbatalde kiroldegian fisioterapia eta hidroterapia saioak egiten dituzte Imanol Benito eta Josune Rotetarekin. Bi irakasleak ere atzoko agerraldian izan ziren eta egindako lanaz jardun zuten hizketan: «Aurretik ez genuen gaixotasuna ezagutzen eta ahal dugun informazio gehien bildu dugu, terapiarik eraginkorrena egin ahal izateko. Gaixoei laguntzen ari garela konturatzen gara».
Erakusketa
'Mundua zulo baten bidez ikusita', Aldundiaren bilduma
ZARAUTZ, Photomuseum - 2008-10-10
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.