Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zarautz
2008ko azaroak 22, Larunbata

;2008-10-03; HITZALEAN. Udako arrats epelean. J.M. OLAIZOLA LAZKANO 'TXILIKU'. (Zarautz, 1951)

Udako arrats epelean

Hitzalean

J.M. Olaizola Lazkano 'Txiliku'

(Zarautz, 1951)

Gure herriko gauza onenen artean aipagarriak dira udako arrats epelak. Eguerdi-arratsalde beroen ondoren egunaren azken argiak iraungi bitartean brisa aurpegian sentituz itsasertzeko bidetik ibiltzea beste ezer gutxik gaindi dezakeen plazera da.

Plazer hori dastatuz behin baino gehiagotan egiten dut Zarauztik Getariarako itzulia, bakarrik hainbatetan eta ene adiskidearekin besteetan.

Aurtengo uda zoroa dela-eta, entzun diot jendeari esaten eguna zer egin asmatu ezinik ibilia dela: noiz eguzkitakoa utzi, noiz euritakoa zabaldu... Baina arrats apaletan (eta epeletan) itsasertzean joan-etorriak egiteko eguraldi ezin atseginagoak izan dira, eta adiskideak eta biok auzoko herriari bisita egiteko abagunea ez dugu galdu.

Bidaia horietako batean nakarrezko botoi bat topatu nuen lurrean. Baita makurtu eta jaso ere.

-Zer jaso duk?

-Nakarrezko botoi bat.

-Diogenesen sindromea! -egin zuen hasperen.

-Ez... -esan nion pentsati.

-Nola ezetz? Zer da, bada, edozer zakar jasotzeko joera konpultsibo hori... -hasi zitzaidan esaten.

Banekiela Diogenesen sindromea zer zen esan nion, baina esandako «ez» harekin ez nuela sindromea ukatu nahi, buruan nenbilkien beste ideia bati ezetza eman baizik.

-Bizitza baten prezioa -esan nuen ahopean, nire burutazioekin jarraituz.

-Zer? -galdetu zidan.

-Bizitza baten prezioa izan zitekeela nakarrezko botoi hau.

Isilik geratu zen. Bazekien isilik jarraitzen bazuen nakarrezko botoiaren istorioa kontatzera behartuko ninduela. Bazekien gustatu egiten zaidala horrelako istoriotxoak kontatzea, eta elkarrizketa beste norabait bideratu ordez isilik geratuz gero, azkenean kontatu egingo niola botoiaren hori.

Denbora apur bat hartu nuen kontakizunaren haria neureganatzeko, eta hasi nintzen:

-Badakin duela berrehun bat urte britainiarrak itsaso guztietako jaun eta jabe zirela, eta...

Baiezkoa egin zidan buruarekin, luzamenduak utzi eta istorioarekin hasteko eskatuz bezala.

-Tira! Kontua dun Robert Fitz Roy izeneko ingeles bat Ameriketako hego-muturreko lurraldeetara joan zela, hango kostaldeak ezagutu eta kartografiatzeko, itxuraz, eta Suaren lurraldera iritsi zirenean, itsasontzi handia utzi (zeramaten bergantina, edo dena delakoa) eta txalupetan lehorreratu zirela ur bila.

-Lehorreratu ur bila... -esan zidan, Olariagak Berrian egiten dituen txiste horietako bat asmatu izan banu bezala.

-Bai, lehorrera joan zitunan ur bila -eman nion berriz ere lehengo errematxeari gorian-, eta urketan zebiltzan bitartean, bertako indioek, fueginoek, txalupetako bat lapurtu egin zitean. Pentsa ezan nola hartu zuten ingelesek irain hori! Barka ezineko bekatua zunan hori, eta zigor bezala hainbat indiar gazte hartu zitiztinenan atxilo.

-Zertarako behar zituzten? Lana eginarazteko?

-Itxuraz ingeles haiek erlijiosoak zitunan oso, eta Fitz Roy hori, besteak baino gehiago. Kontua dun, arre edo so, indiar horiek Ingalaterrara eraman zituztela, erlijioan hezi, ingeles hizkuntza ederra erakutsi eta kristau prestu bilakatzeko.

-Eta?

-Handik urte batzuetara, Charles Darwin eta Robert Fitz Roy elkarrekin itzuli zitunan berriro lurralde haietara, Beagle ontzian. Sekulako bidaia izan zunan, Darwini Espezien jatorria idazteko bide eman ziona, eta zientziaren mundua erabat aldatuko zuena. Esan behar dinat bi gaztetxoren bidaia izan zela: Darwinek 22 urte zitinan eta Fitz Royk 28. Hogeita zortzi urteko kapitaina!

-Zenbat urte zituen, orduan, Fitz Royk lehenengo bidaia egin zuenean?

-Ez zekinat, baina ume-mokoa izan behar zinan. Hala ere, lehenengo bidaia hartako kapitain zenak bere buruaz beste egin zuenean, Robert gaztea egin zitenan kapitain, eta bigarren bidaian ere bera zunan Beagle ontziko buruzagia. Gaztea zunan, baina zerbait izango zinan...

-Agintzeko kemena, beharbada...

-Eta dirua. Aristokrata-umea omen zunan. Ingalaterrako familia onenetakoa. Eta badakin garai hartan hierarkiak nolako indarra zuen...

-Nahi duana, baina agintzeko behar dik...

-Bai, eduki behar dena...... -esan nion broma-haizean, eufemismo horretan ezkutatuz mihi-punttan nuen hitza-. Beno, istorioarekin jarraituz, Beagle-aren bigarren bidaia antolatu zenean, Fitz Royk erabaki zinan Ingalaterrara eramandako fuegino haiek beren lurraldetara itzuli behar zirela: ondo jantzita, hiritar itxurarekin, kristaututa, señorito batzuek bezala...

-Eta? Zer gertatu zen?

-Denetik. Batzuek beren herrira iritsi bezain laster zalaparta batean joan omen zitunan beren familiakoak agurtzera, eta nahikoa azkar bilakatu omen lehen ziren fuegino salbaia eta hezigabeak. Jemmy Button izenekoa, ordea, mutikotxoa izanik eramana, ez omen zunan izan amarekin eta anaia zaharragoarekin hitz egiteko gai. Ezta ama-hizkuntza ulertzeko ere. Bera Ingalaterrako lurretan ibili zen bitartean aita hil zela ozta-ozta ulertu omen zinan, eta salbaia onaren keran, amari eta anaiari ingelesezko hainbat hitz irakasten saiatu omen zunan.

-Tira. Ez duk harritzekoa. Zer nahi duk? Horixe izan duk betiko kontua: kolonizatzaileak berea ezarri eta menpekoak ontzat hartu. Ez didak gauza berririk esaten, eta, gainera, zer ikusi du horrek guztiak bidean aurkitu duan nakarrezko botoiarekin?

-Button.

-Button? Zer Button?

-Jemmy Button. Hizkuntza galdu zuen fueginoa. Esan dinat Fitz Royk hainbat indiar Ingalaterrara eraman zituela txalupa bat lapurtu egin ziotelako, baina Jemmy Buttonen istorioa bestelakoa izan zunan. Aitak saldu zionan semetxoa ingelesei nakarrezko botoi batengatik, eta baita Royk deitura egokia eman ere... Uste dinat button deitzen zaiola botoiari ingelesez.

Begira geratu zitzaidan. Sinetsi ezinik bezala.

-Egia berdaderoa dun -esan nion.

Metro batzuk egin zituen aurrera bizi-bizi, begiak lurrean zituela. Gero, bat-batean geratu eta eskuan nuen nakarrezko botoiari begiratu zion.

-Orain ikusten diat zer pasatu den hire burutik, eta zeri ezan dioan ezetz. Nakarrezko botoi baten truke erosi nahi izan nauk! -esan zidan.

-Horixe zunan nire asmoa eta intentzioa -esan nion, eta berehala damutu zitzaidan.

Begien distira ikusi eta pentsatu nuen haserretu egingo zitzaidala, eta hasiko zela esaten maitasuna ez dela erosten, eta are gutxiago pertsona. Hala ere, bestelakoa izan zen esan zidana:

-Badakik hirea naizela erosten ibili gabe ere...

Itxuraz ez nuen ondo interpretatu begien distira. Ez zen haserrea, samurtasuna baizik.

Sakon begiratu eta musu eman zidan, hitzez esana ekintzaz azpimarratuz.

Bi besoez besarkatu eta aurrera egiteko bidea eragotzi nion. Aprobetxatu beharrekoa uneak dira horrelakoak...

Musua eta laztana luzatzen saiatu nintzen.

Horretan, maitearen eskua nirean arakatzen sumatu nuen.

Nakarrezko botoiaren bila zebilen.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.