
Guardia Zibilak Amenabarretik dokumentazioa eraman du
Politika Guardia Zibila Amenabar enpresaren egoitzan sartu zen atzo, ETAri 'iraultza zerga' ordaindu dion ala ez ikertzen ari delako
onintza lete
Guardia Zibila Zarauzko Amenabar eraikuntza enpresaren egoitzara sartu zen atzo eguerdiko 13:00ak aldean, eta bertan izan zen arratsaldeko 17:20ak arte. Guardia Zibilak denbora horretan egoitza barruan egin zuenaren azalpenik eman ez bazuen ere, alde egiterako unean paperez beteriko bizpahiru kaxa berarekin eraman zituen.
Atzo hainbat komunikabidek adierazi zuenez, Amenabarrek ETAri iraultza zerga ordaindu dion ikertzeko egin du Guardia Zibilak operazio hau; mementoz poliziak ez du atxilotu enpresaren nagusi Luis Amenabar. Atzokoa, ustez delitu bera egiteagatik Guardia Zibilak Urola Kosta eskualdean egin duen bigarren polizia operazioa izan da. Izan ere, ekainaren 11n Orioko Maribel eta Blanca Bruño enpresaburuak atxilotu zituen poliziak ustez ETAri iraultza zerga «beren borondatez» ordaintzeagatik. Espainiako Audientzia Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen aginduz espetxeratu bazituzten ere, bermea ordainduta baldintzapeko askatasunean daude.
Inork ez du adierazpenik egin
Gertaera honen berri izan bezain laster hainbat komunikabidetako profesionalak gerturatu ziren atzo eguerdian enpresaren egoitza aurrera, eta bertan izan zen EAJ alderdiko kide Imanol Lasa ere. Dena dela, ez alderdi politikoek ez Zarauzko Udalak ez zuten inolako adierazpen ofizialik egin.
Enpresako arduradun eta langileek ere ez zuten gertaturikoaz ezer kontatu. Amenabar eraikuntza enpresako kudeatzaile Ernesto Martinez Cabredo, esaterako, bere kabuz atera zen egoitzatik 14:30ak inguruan, baina ez zuen adierazpenik egin.
Guardia Zibila egoitza barruan izan zen denboran langileak ere bertan izan ziren, eta sail batzuetan behintzat «lana normaltasunez» egin zutela jakin ahal izan zuen HITZAk.
Bi eraso jasan ditu aurten
Ez da urte lasaia izaten ari aurtengoa Zarauzko eraikuntza enpresarentzat. Izan ere, ekainaren 1eko goizaldean enpresaren egoitza berean lehergailu bat zartarazi zuen ETAk; bi ertzain eta herritar bat zauritu ziren eztandaren eraginez, eta eraikinaren aurrealdeak ere kalteak izan zituen.
Atentatu hori baino hiru aste lehenago, berriz, ezezagun batzuek enpresa honen hondea makinak erasotu zituzten Hernanin. Politikari eta komunikabide askok bi eraso horiek Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanekin lotu zituzten, Amenabar baita azpiegitura hori eraikitzen ari den enpresetako bat.
Erakusketa
'Oteiza. Bizirako proiektua'
ZARAUTZ, Sanz Enea - 2008-09-12
Musika
Txutxin Ibaņez eta Los Charros
ZARAUTZ, Musika Plaza - 2008-09-14
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.