Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zarautz
2008ko abenduak 5, Ostirala

;2008-07-23;GUTUNAK

Gutunak

Zarauzko Udalbatza eta politikarien ikuskizuna eman nahia

Uztailaren 16an egindako udalbatzarrean ez nuen egoterik izan, eta telebistan ikusi ondoren, zenbait hausnarketa egitea otu zait. Gaia bakarra izan zen: Udalak herritar erakundeei emango dizkien diru laguntzen araudia onartzea. Ezker abertzalea erabat ados dago herritarren eta herriaren alde jarduten duten erakunde guztiei laguntzearekin, eta ematen zaiena baino gehiago ematearekin ere bai. Alegazioa jarri genuen diru laguntza emateko legea baztertzailea delako. Detaile horietan, ordea, ez naiz hemen sartuko.

Udalbatzarraren dinamika kanpotik begiratuz ulertezina egiten da legez agindutako epearen barruan alegazioa egiteagatik bertara joan ziren alderdi politikoen ordezkariek (gizonezkoak) nire bi kideei esan zizkiotenak entzun behar izatea. Lau gizon haserre mintzatu zitzaizkien harresiz bestalde eserita zeuden bi emakumezko zinegotziri.

Haserrez beteta hitz egin zuten laurek baina Patxi Elolak erabilitako hitzak, erdaraz esanak izateaz gain, mespretxua, alferrikako handikeria, hitzezko bortizkeria eta gorrotoa adierazten zuten. Imanol Lasak esandakoaz zer esan(!). Legebiltzarra ez zuen bada atera, galdeketa dela-eta independentziaren alde egitera doanean, ezker abertzalea botoa ematerakoan etxean geratu zela. Beti bezala, demagogia hutsa erabili zuen. EAJren baitan gaizki egon behar du zerbaitek Irati eta Koldobike horrela erasotzeko; bai jauna, ez al du galdeketaren bideak aurrera egin ezker abertzalearen botoari esker?

Jon Burgañak (kar, kar, kar), susmoak baldin badaude, noski, ezin zaie diru publikorik eman, lege diskriminatzailea bereganatuz. Zer Jon, Espainiako Audientzia Nazionalaren morroi beti?

Benetan, kanpotik begiratuz udal ordezkari hauen alderdietako edozeinek lotsa sentitu beharko luke beraien ordezkariek horrela zigortu dituztelako, berriro ere, euren eskubidea erabili duten herritarren bi ordezkari.

Herriko taldeei emango zaien diru laguntza astebete eta erdi besterik ez da luzatu hautetsi independentistek jarritako alegazioa dela-eta; ez, alkate jauna? Zertara datoz orduan zuen diskurtsoa eta gaitzespenak?

Zarauzko Udalean, agintaldiaren hasieratik ezker abertzaleko ordezkariekiko errespetu falta nabaria izan da, eta joan den udalbatzarrean berriz ere alderdi politikoek aukera galdu dute arduraz eta errespetuz maila demokratikoan jokatzeko. Hori da ikuskizuna eman nahi izatea gizonok! Politika egitearen gordintasuna.

Zarauzko diru laguntzak ez dira ez, berriro ere, Euskal Herria eraikitzeko lanean ari direnentzat izango, nahiz eta Espainiako legeei aurre egin behar izan. Araudi honek ez du ezta ere genero ikuspegitik erakunde ezberdinek gizon eta emakumeon arteko berdintasunaren alde jardun dezaten espreski bultzatuko. Izan ere kasualitate hutsa al da mintzatu ziren lau ordezkariak, (alkatearekin bost), gizonak izatea eta harresiz bestalde jipoituak izan zirenak bi emakumezko ?

Dena den, zorionik beroenak Irati eta Koldobike, ondo toreatu zenituzten bai bost zezen horiek!

Gema Apalategi. Zarautz.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.