
ana belen juaristi ðAdegiko lehen lehendakariordea
«Emakumeok ere badaukagu industria munduan tartea»
Ekonomia Confebask eta Adegiko buruzagitzetan sartu den lehen emakumea izan da Ana Belen Juaristi enpresari zarauztarra
leire ventas - berria
Confebask enpresaburuen elkartean Gipuzkoako ordezkaria da. Adegiko lehen presidenteordea ere bai. Baina, batez ere, bi patronalek kargu horietarako aukeratu duten lehen emakumea da. Eta horren guztiaren aurretik, Engranajes Juaristi Zarauzko enpresako kudeatzailea. Talaia askotatik begiratzen duelako, hainbat diagnostiko egiteko modua du Ana Belen Juaristik: euskal enpresaren ingurukoa, emakumeak negozio munduan duen egoerarena, motelaldiaren eraginena...
Kudeatzailea, enpresaburuen ordezkaria, GKE bateko lehendakaria, ama... Zenbat ordu ditu zure egunak?
Guzti-guztienak bezala, 24. Eta ondo egiten dut lo, gainera. Zortzi ordu behar izaten ditut egunero lo egiteko, eta gainontzekoak partekatzeko. Agenda ongi antolatuz gero, lehentasunak nabarmendu eta guztira iris zaitezke. Eta bestela, delegatu egiten da.
Zein dira zure lehentasunak?
Denak du lehentasuna. Familia oso garrantzitsua da, baina haur txikirik ez dudanez ez dit denbora gehiegi eskatzen. Enpresak, berriz, bai. Enpresako pertsona bat hil zitzaigun, eta orain ia denbora osoko lana eskatzen dit. Eta Adegiko eta Confebaskeko bilerei ere tartea egin behar izaten diet. Niretzako denbora gutxiago daukat, baina moldatzen naiz.
Klixe bat galdetzearren : emakume izanda, zailagoa al da negozioen munduan aritzea?
Nik neuk ez dut sumatu. Baina hala izaten da; zifrak eta estatistikak hor daude. Emakume gutxi gara enpresaburu, eta horrek arrazoiren bat badu. Kasu batzuetan aukera ematen ez zaigulako da, eta bestetan, ardura hori hartu nahi ez dugulako. Beldurra egon daiteke horren atzean, baina baita munduaren aurrean beste konpromiso batzuk hartu izana ere. Familiaz ari naiz. Kasu ezberdinak daude, baina ehunekoak argiak dira. Adegin, esaterako, bost emakume gaude gaur egun. Gutxi da hori.
Adegin kargu publikoa duen lehen emakumea zara. Zergatik ditu hain emakume gutxi kideen artean?
Ez gaude agerian, asko ez garelako. Emakume gutxi gara kudeatzaile. Baina enpresa txiki asko emakumeek eramaten dituzte. Gizona izaten da enpresa sortu duena, baina haren emaztea arduratzen da administrazioaz eta kanpo harremanez. Enpresa horien ageriko burua gizonezkoa da, eta emakumea bigarren planoan geratzen da. Baina hori aldatuz doa. Eta horretan dihardugu, adibidea ematen.
Lehen emakumea ez ezik, belaunaldi berri baten parte ere bazara. Adegi barnean izan den berritzearen fruitu.
Lehendik ere batzorde eragilean nengoen, eta aldaketa izandakoan Victoriano Susperregi presidenteordeak dimisioa eman zuenean, zerbait egin behar zela ikusi genuen. Kargua beteko zuen norbait behar zen, eta Eduardo Zubiaurrek niri eskaini zidan. Onartu egin nuen. Niri ere tokatzen zitzaidan bai Adegirekin eta bai gizartearen aurrean konpromisoak hartzea.
Enpresaburuen ordezkari izateko, enpresaburua izan behar.
Halaxe da. Enpresa txiki bat daukagu, familiakoa. 37 lagun gaude bertan, eta ekoizleak gara. Engranajeak egiten ditugu, sektore askotarako: energia eolikoari loturiko enpresekin egiten dugu lan, makina-tresna sektorekoekin, igogailuak egiten dituztenekin eta abar. Sektore horietan guztietan egon nahi dugu, batzuen eskaera murrizten bada ere, besteenarekin estaltzen dugulako zuloa. Lan asko daukagu, azken aldian kontrakoa esaten den arren.
Non dago zuen merkatua?
Euskal Herrian, Katalunia aldean, eta eskualde atlantiko osoan, Galiziara arte. Hori da gure merkatu sendoena. Eta Europan ere saltzen dugu, poliki: Alemanian, Suitzan, Frantzian. Txinara eta gisa horretako herrialdeetara jotzea ez dugu oraindik pentsatu.
Hainbat enpresa ari da, handienak behinik behin, kostuak merkatze aldera halako herrialdeetan lantegiak zabaltzen. Halakoetan pentsatu al duzue?
Izan gara Txinan, han nola lan egiten duten ikusten. Lantegi bat zabaltzeko ere proposatu ziguten, baina oraingoz hemendik lan egitea erabaki dugu. Hemen dauzkagu langile espezializatuak eta teknika. Oraingoz Gamesari eta halako bezeroei saltzen segituko dugu, eta enpresa horien bitartez irtengo dira gure produktuak Txinara eta AEBetara.
Motelaldi ekonomikoa ez duzuela sumatzen esan duzu lehen.
Guk ez, baina kontsumoa gelditu egin da. Eta gelditu egin da bazter guztietan krisia dagoela entzuten delako. Motor txikiak egiten dituen enpresa bateko buruarekin ari nintzen lehengo batean berriketan. Motor horiek kontsumoari loturiko enpresei saltzen dizkiete gehienbat, eta izugarri murriztu omen da eskaria. Baina beste sektoreen emaitzek murrizte horiek estali egiten dituzte. Hazkundea ikusi baino ez dago; Gipuzkoan, behintzat, handia da orain ere.
Adegik argitaratu zuen txosten baten arabera, merkatutik irteten diren hamar langileko zortzi sartzen dira. Sumatu duzue zuek falta hori?
Lanbide heziketa egun ez dago modan. Unibertsitatera joan nahi izaten dute ikasle gehienek, eta hori, lanbide heziketatik irtendakoek lanpostua berehala topatzen dutela kontuan izanda. Jendeak, ordea, modak jarraitzen ditu. Eta telebistak, bereziki, modak sortzen laguntzen du. Aurreko batean aipatzen zidaten auzitegiko medikuarena dela azken boladan gehien hazi den karrera. Eta hori CSI telesailari zor omen zaio. Horiek hala, lanbide heziketako langileen inguruko telesail bat egitea ez legoke gaizki.
Lantegiren batean diharduten emakumeena, adibidez.
Ez legoke gaizki. Izan ere, emakumea industria mundura erakartzeko lana egin behar dugu. Eskoletan, karrerarako eta lanbidetarako orientabideak ematen direnean, ez da zuzen jokatzen. Ikasketekin gaizki aritzen diren neskak lanbide heziketa «tipikora» bideratzen dira: ile apaintzera, eta abar. Gaztetatik esku lanetarako trebea izan badira, ordea, lanbide heziketaren eremuan beste mila aukera ditu. Horietako zenbait industriari lotuta. Orientabide argiak eman behar dira, bai familian eta bai eskolan.
Zenbat emakume dago Engranajes Juaristin?
Orain, lantegian bat bera ere ez. Baina bi lagun kontratatzekotan gaude, eta emakume baten curriculuma dut esku artean.
Zein postutarako?
Zizelkaritza teknikaria behar dugu. Hemen bertan irakasten diegu, eskoletan tornulari izaten ikasten baitute soilik.
Zer iruditzen zaizu motelaldiaren inguruan hartu den jarrera? Datu eta hitzak leuntzea beharrezkoa al da psikosia ez sortzeko?
Krisia badago, hori da errealitatea. Baina horretaz gehiegi hitz egiteak ez digu batere laguntzen. Gaur egun ez da etxebizitza bat bera ere saltzen, eta hori psikosiaren ondorio da. Lehenago ere izan dira halakoak. Inbertsio handi bat egitekoak ginen Irailaren 11-koa izan zenean. Hannoverko azokan erosi nahi genuen makina oso garesti bat. Baina azoka Dorre Bikien erasoaren ostean zen, eta psikosi izugarria zegoen. Guk zalantza egin genuen, joan ala ez. Baietz erabaki genuen, eta baita inbertsioa egitea ere. Aurrera egin behar da. Horrek izan behar du egungo jarrera. Hori bai, akaso neurtu egin beharko dugu kontsumoa. Azken urteetan, eraikuntzaren boom-aren garaian, izan ditugun kontsumo ohiturei buruz gogoeta egin behar genuke.
Ditugun kontsumo ohituren inguruko gogoeta egiteko orduan, ez litzateke txarra kontsumorako aukerarik ez dutenez oroitzea. Ori-Zautz gobernuz kanpoko erakundearen bidez egiten duzuen moduan, Ruandaz, adibidez.
Bai, erlatibizatzen laguntzen du. Nire osaba Juan Cruz Juaristik 35 urte egin zituen Ruandan, eta hari entzunda ezagutu nuen egoera. Iaz izan nintzen lehenengo aldiz, eta inpresio handia egin zidan. Ori-Zautz 1995ean sortu genuen, Muginako gerrako biktimei laguntzeko.
############
«Krisia dago, baina psikosiak ez digu batere laguntzen; kontsumitzen segitu behar da»
############
############
«Emakumeentzat zeregin ugari dago industria munduan; erakarri egin behar dira»
############
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
Erakusketa
Jose Luis Zumetaren margolanak
ZARAUTZ, Ispilu Arte - 2008-08-08
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.