Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zarautz
2008ko urriak 8, Asteazkena

;2008-05-16;III. Aste Solidarioan haurrak izango dira ardatz nagusi. Gizartea Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiekin eta datorren larunbatean izango da jaialdi nagusia

III. Aste Solidarioan haurrak izango dira ardatz nagusi

Gizartea Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiekin eta datorren larunbatean izango da jaialdi nagusia

xabi aizpurua ugarte

Gobernuz kanpoko 14 erakunde elkartu, eta aurten ere Aste Solidarioa antolatu dute. Aste osoa iraungo duen ekimen hau antolatzen duten hirugarren urtea da eta herenegun aurkeztu zuten Antoniano aretoan. Bertan izan ziren elkarteetako ordezkariak eta aurten indar bereziz haurren eskubideak landuko dituztela adierazi zuten.

Behar larria duten haurrei elkartasuna erakusteko Zarauztar 1 euro 1 kanpaina jarriko dute abian eta bildutako diru guztia Rabaten (Maroko) dagoen Layamerien izeneko umezurtzen egoitzara bideratuko dute.

Herritarrei eskerrak emateko

Zarauzko herriari «bere laguntza estimagarriagatik eskerrak emateko asmoz» antolatu dute elkarteek Aste Solidarioa. Era berean, elkarteetako kideek lurralde pobretuetan egiten dituzten proiektuak emango dituzte ezagutzera.

Gisa askotako ekitaldiak izango dira aste guztian zehar eta datorren larunbatean izango dute jaialdi nagusia. Dena den, ostiraleko afari solidarioan ere jende ugari biltzea espero dute. Afaritarako izena eman nahi duenak Nafarroa kaleko Kutxako bulegora joan beharko du izena ematera, trukean sei euro ordaindu beharko ditu. Afari solidarioetan ohikoa den menua izango da: patata tortilla letxuarekin eta kafea pastekin.

Honakoak dira Aste Solidarioa antolatzen jardun duten elkarteak: Ori-Zautz, Chernobilen lagunak, Caritas, Elan Euskadi, Hegolan, Africa Directo, Elizbarrutiko misioak, Palence komisioa, Gurutze Gorria, Gure Wasi, Saharautz, Tau fundazioa, Proyde Proega, Acoes eta Calcuta ondoan.

############

egitaraua

Maiatzak 16, 17 eta 18. Algara antzerki taldearen El hombre de rojo antzezlana Lizardi antzokian. Ostiralean eta larunbatean 22:00etan; igandean 19:30ean.

Maiatzak 16, gaur. Poxpolo eta Mokolo pailazoak, Aritzbatalde kiroldegian, 18:00etan.

Maiatzak 17, larunbata, eta 18, igandea. 24 orduko xake lehiaketa solidarioa, Gaztelekuan 17:00etan.

Maiatzak 19, astelehena. Boluntario eta kooperanteen hitzaldia. Hizlariak: Ori-Zautz, Africa Directo, Saharautz eta Chernobilen Lagunak. Antoniano aretoan 20:00etan.

Maiatzak 20, asteartea. Zine foruma Las tortugas tambien vuelan filmarekin, Anjel Lertxundi izango da laguntzaile. Antoniano aretoan, 20:00etan.

Asteazkena 21, asteazkena. Etorkinei buruzko hitzaldia, Antoniano aretoan, 20:00etan. Bi ekuadortar, pakistandar bat, saharar bat eta argentinar bat ariko dira hizlari lanetan.

Maiatzak 22, osteguna. Haurren eskubideei buruzko hitzaldia UNICEFen eskutik, Antoniano aretoan, 20:00etan.

Maiatzak 23, ostirala. Afari solidarioa Antoniano kiroldegian, 20:30ean. Marisa Merino dantza akademiak girotuko du. Ondoren, kontzertua Tantra eta Garabi musika taldeekin, eta dantza emanaldia, break dantzariekin eta capoeirako kideekin, Munoan, 23:00etan.

Maiatzak 24, larunbata. Festa antolatuko dute Lege Zaharren enparantzan, 10:00etatik 14:00ak arte: Zarauzko gobernuz kanpoko 14 erakundeen karpak, aurpegiak margotzeko aukera, ametsen basoa, horma-irudi erraldoia esku ahurrekin margotzeko, Udaberri abesbatza, bertsolariak eta Goizeko Ihintza txistulari taldea, Zarauzko Musika Banda kalejira solidarioan, txanpon katea eta haurtzaroaren alde elkarteek egindako adierazpena.

############

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.