
2008-09-16 | 17:10:42
POLITIKA
Bost herritar epaituko dituzte bihar, iazko maiatzeko udalbatzarraren harira
Donostiako Lurralde Auzitegian izango da epaiketa 10:30ean; Maite Etxaniz eta Jon Urien lekuko gisa deitu dituzte
Iazko maiatzaren 22ko udalbatzarrean izandako gertakariak oinarritzat hartuta, bost herritar epaitu egingo dituzte bihar goizean. Udalbatzarra eteteagatik ordena publikoa urratzea eta desobedientzia delituak leporatzen dizkiete bostei, eta auzipetuen abokatuak jakinarazi duenez fiskaltzak bakoitzarentzat 13 hilabete eta erdiko espetxealdia eskatu du. Epaiketarako hitzordua bihar izango da Donostiako Lurralde Auzitegian, 10:30etik aurrera.
Bost herritarrak Aiotz Aiestaran, Aritz Labiano, Aritz Gartxotenea, Ainara Iturbe eta Jokin Aranberri dira. Beren defentsak argudiatu duenez, «ekintza politiko baketsua» izan zen auzipetuek egin zutena, «ez dago deliturik eta gertakariek ez zuketen auzitegira iritsi behar».
Auziaren prozesua
Hauteskunde kanpaina bete-betean egindako udalbatzar korapilatsu hartan, udaltzainek kaleratu zituzten herritar batzuk, baina kateatuta zeuden beste batzuk kanporatzeko Ertzaintzari deitu zioten.
Ertzaintzaren argiketa sailean jasota gelditu ziren gertakariak eta horregatik egin zuen bide judizialerako jauzia. Fiskaltzaren eskuetan gelditu zen auzia eta berak egin ditu zigor eskaerak.
Gaurko epaiketan, bost auzipetuez gain, udalbatzarrean izan ziren udaltzain eta ertzain batzuk ere izango dira deklaratzen. Bestalde, Amaldako bi kide deituta daude deklaratzera, baita orduko eta gaur egungo alkate Maite Etxanizek eta Jon Urienek ere.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.