
2008-09-01 | 19:36:49
POLITIKA
EAk eta EAJk Zarautzen hasi dute ikasturte politikoa
Bi alderdietako buruzagiek egungo egoera politikoa izan dute hizpide
Abuztuan politikariek izandako geldialdiaren ondoren, joan den astean ikasturte politiko berria Zarautzen hasi zuten EAk eta EAJk. Hurrenez hurren, ostegunean eta ostiralean ekitaldi bana egin zuten egungo egoera politikoaz aritzeko.
EAko kideak Alkartetxean bildu ziren alderdiko presidente Unai Ziarretaren hitzaldia entzutera. Espainiako Gobernuaren «ukazioaren aurka beste pauso bat eman behar da», bere ustez. Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodrigez Zapaterok «Euskadiri» dagokionez «debekatu eta galarazi» aditzak soilik erabiltzen dituela gaineratu zuen EAko buruzagiak eta alderdiak orain arte joko arauak errespetatu baldin baditu ere «estrategiaz aldatzeko garaia» dela esan zuen. Besteak beste, bertan izan ziren Karlos Garaikoetxea EAEko lehendakari ohia eta Maite Etxaniz alkate izandakoa.
EAJ, «burua galdu gabe»
Ostiralean ,berriz, EAJkoak bildu ziren Antoniano kiroldegian. EBBko buruzagi Iņigo Urkulluk «lasai» egoteko esan zien alderdikideei, Kontsultaren Legea defendatzerakoan ez dutela «burua galduko» adierazita.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kontsulta galarazten baldin badu, euskal herritarren eskubideak «urratu» egingo direla salatu zuen Joseba Egibar jeltzaleak, horren aurrean erantzun beharra dagoela ohartaraziz. Nolanahi ere EAJk ez zuen aurreratu erantzun hori zer motatakoa izango den, «sendo eta burutsu» jokatuko dutela besterik ez.
Bestalde, Urkulluk alderdi barruko desberdintasunen artean «batasuna» aldarrikatu zuen.
Talibantxo | 2008-09-02
Ikasturtea? Ea behingoagatik zerbait ikasten duten, eta kurtsoa gainditzen!!!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.