Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zarautz
2008ko irailak 8, Astelehena

2008-06-18 | 18:57:22

KIROLA

Imanol Epelde: "Pagoeta Elkartearen historiarekin ez genuen egin nahi liburu potolo eta irakurgaitz bat"

Gaur arratsaldean aurkeztuko dute '50 urte, mila pauso' liburua

Inprimategiko labetik bero-bero iritsiko dira liburuak gaurko aurkezpenera. Bertan izango da 50 urte, mila pauso liburua erditzeko lan ugari egin behar izan duen Imanol Epelde ere (Zarautz, 1977). Elkarteak mantendu duen giza «aberastasuna» biltzen saiatu da, nahiz eta horrek zailtasun bat baino gehiago ekarri dizkion lan egiteko orduan. Azken emaitza 19:30ean erakutsiko dute, Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan.

Asko kostatu al zaizu 50 urteko historia laburbiltzea?

50 urtetan zehar protagonista izan direnei elkarrizketak egiten aritu naiz eta haien hitzetatik jasotakoa eraman dut paperera. Bestetik, Elkarteko aktetan jasotakoa arakatzen ere jardun dut. Bi ildo horiek izan dira liburuaren ibilbidea markatu didatenak. Ez genuen egin nahi historia liburu potolo eta irakurgaitz bat; ahalik eta irakurterrazena izan dadin saiatu gara, dokumentazio pixka batean oinarrituta, baina gehiegi kargatu gabe.


Zenbat elkarrizketa egin dituzu?

30 lagun inguru izan dira, guztiak Pagoeta Mendizale Elkartearekin zerikusia izandakoak, zuzenean edo zeharka. Nire ustez, lan aberasgarriena elkarrizketena izan da, bulegoetako dokumentazio lana astunagoa baita. Jendearekin zuzenean egotea eta beraien bizipenak entzutea politagoa da, noski.


Duela 50 urteko Pagoeta Mendizale Elkartea nolakoa zen?

Gaur egungoarekin alderatuta, oso ezberdina. Besterik gabe, mendi irteerak antolatzen zituen, baina beti inguruko mendi tontorretara joanez, ez orain egiten den bezala. Ez zegoen dirurik autobusik antolatzeko eta gehienez ere trenean ibiltzen ziren mendizaleak. Helburuetan ere ezberdina zen: euskaraz lasai hitz egiteko, kantatzeko eta bizitzeko aukera ematen zien mendiak, herriko giro estutik ihes eginez. Lagunartean ibiltzeko arrazoiak baziren, baina arrazoi politikoak ere bai. Euskal nortasunarekin zerikusia zuen jarduera bat zen, nahiz eta baimenak Espainiako Gobernuaren ordezkariari eskatu behar izaten zitzaizkion. Txistuarekin joaten ziren batzuk, dantza ere izaten zen... Irrintzi dantza taldearen liburuan ere aipatzen zen txistua eta dantza bezalako elementuak ihesbideak izan zirela diktadurako sistema estuan. Zirrikitu txiki horiek onartzen zituzten eta hor ibiltzen zen jendea.


Hainbeste urteko historian, zein iruditu zaizu bitxikeriarik deigarriena?

Mendizaletasuna ez zen Pagoetarekin sortu, aurretik ere baziren mendizaleak eta horien kronika ere jaso nahi izan dugu. Orduan, Espainiako Gerraren aurreko garaietaraino iritsi naiz, herrian Club Mollarri Sport zegoen garaira. Orduko bitxikeriarik handienetako bat Pagoetako gurutzea jartzeak izan zuen sona handia da. 1935eko ekainaren lehen igandean jarri zuten eta El Dia eta Euzkadi egunkarietan asko azaldu zen. Horregatik ospatzen da urtero ekainaren lehen asteburuan Pagoeta Eguna. Iñaki Eizmendi Basarri-ren kronikak ere agertzen ziren egunkarietan. 1936an, gerra lehertu aurretik, Telesforo Monzon etorri zen Pagoeta Egunean hitzaldia ematera. Hori guztia Eusko Etxeak eta EAJren inguruko jendeak antolatu zuen, kutsu politiko garbiarekin.

 

 

Jasotako erantzunak:

1

2008-06-19

Liburuaren aurkezpena ez da Pagoetaren egoitzan, udaletxean baizik, 19:30ean.

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.