
2008-05-09 | 13:45:01
«Zarautz eredu da azpiegituretan eta harrobiarekin egindako lanean» (Julen Elkoro, Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakaria)
Gipuzkoako surfak bizi duen egoerari erradiografia atera dio Iulen Elkorok (Baiona, 1974).
Egunotan itsasoa bare-bare egon da. Astebururako zer aurreikuspen duzue?
Larunbaterako (gaur) itsasoa igo egingo dela markatzen du, baina haizea harrotu egingo dela ere ikusten da. Olatuen periodoa ikusita, nabarmena da haize-olatua izango dela eta horrek gaztetxoekin jarduteko aukera emango du, baina besteekin ez dakigu. Horregatik 12 Azpi, 14 Azpi eta 16 Azpi kategorietakoekin jardungo dugu batipat asteburu honetan.
Hamar maila desberdinetako surflariak ariko dira. Gipuzkoako harrobia nola ikusten duzu?
Oso maila oneko harrobia daukagu, Espainiako Estatu mailan onena izango da seguru asko. 12 urtetik 14 urtera bitarteko surflari gazte asko dago eta maila onekoak gainera. Gipuzkoako harrobia nahiko orekatua dagoela ikusten dut.
Iazko bi txapeldun nagusiak zarauztarrak izan ziren, Sansegundo eta Imaz. Horrek Zarauzko maila ona dela esan nahi al du?
Zalantzarik gabe, Zarautzen maila ona daukagu. Eredua da surferako dauden azpiegituretan eta harrobiarekin egin den lanagatik, bai eskola kirolaren bidez, baita elkarteak egindako ikastaroekin ere. Bestalde, igartzen da herri txikia dela eta hondartza bertatik bertara dutela gazteek. Horrek segurtasun handia ematen die gurasoei eta ez dago Donostian bezalako erreparorik. Gainera, Zarauzko Elkartea ere bertan dago begirale lanak egiteko ere.
Gipuzkoari dagokionez, surf munduak non ditu bere nukleo nagusiak?
Zarautz da erdigune nagusia, surflari gehiena bertan dago inongo dudarik gabe. Donostia izango litzateke hurrena, atzetik Getaria eta Zumaia leudeke, eta ondoren Deba , Hondarribia eta Orio.
Emakumezkoen mailetan gero eta parte-hartze gehiago al dago?
Gero eta neska gehiagok ematen dute izena surfean, eta mugimendu hori ikusteak emakume gehiago animatzen ditu. Bestale, eskola kirolean surfa egoteak erraztu egiten diete neskei surfa probatzeko aukera izatea, mutilak bezalaxe jardunez, aukera berdin-berdinekin. Kirol erakargarria denez eta gaur egun nahiko eskuragarria denez, nesken parte-hartzea handitu egin dela igartze nda. Maila ona da, oraindik Miryam Imazen garaikoak dira onenak, baina badaude Idoia Meabe eta Lore Eizagirre bezalako gazteak ere. Eta gaztetxoen artean, 12-13 urteko koadrilatxo bat badago, eta oso maila ona hartzeko itxura guztia dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.