
2008-04-30 | 19:19:48
Illarramendiren soslaia
Gizon bizia da Illarramendi. Hizketa-lagunari konfiantza ematen dio, eta istorio batek bestea dakar atzetik, bizipenekin melodia harrigarria osatu arte. Gaur egun, Euskal Herriko musikagile handienetakoa da, baina umetan makina bat aldiz eztabaidatu behar izan zuen etxekoekin: «Uste zuten musikatik ez zegoela bizitzerik». Txiki-txikitan murgildu zen musikan, Imanol Urbieta eta Franzisko Eskudero irakasleekin: «Maisu handiak dira, zorte handia izan nuen».
Lege Zaharren enparantzan jaiotakoa da Illarramendi eta han igaro zuen haurtzaroa jolasean, «zaldiak eta astoak egoten ziren garaian». Dena den, txikitako oroitzapenekin kontraesana sortzen dio memoriak: «Batzutan lekutan ikusten ditut mutil koskorretako kontuak, beste bizitza batekoak balira bezala. Baina, hurrengoan, oso urre sentitzen ditut. Memoria ez da batere gauza sinplea, badago misterioa hor ere».
«Hor ere», dio Illarramendik, bere ustez bizitzako gauza guztiek behar baitute misterioa, «baita gosariak ere». Illarramendirentzat «dena da magikoa». Horregatik, nola inspiratzen den galdetzen diotenean erantzuna boteprontoan eman ohi du: «Nola inspiratzen naizen? Bizitza espektakulu bat da! Nik ikusi egiten dut, sentitu, entzun... hori da magia».
15 urte zituenean Gipuzkoa kalera joan zen bizitzera, eta ezkondu zenean, Txerrikalera. Emaztearekin 20 urtez bizi izan zen bertan, duplex berezi batean: «Bi ate soilik zituen, sarrerakoa eta komunekoa, etxe guztia gela bat zen eta bainera ere logelan genuen... oso berezia zen». Gustura egiten zuen lan bertan , goiko solairuan, baina duela bost urte «toki handiago baten bila» Hondarribira joan zen bizitzera, Jaizkibelen magalean dagoen txalet batera. Igerilekuaren ondoan beretzat egokitu duen txokoan aritzen da lanean, parez-pare Aiako Harriak eta Larhun mendia dituela. «Ez naiz aspertzen hemen, orduak falta zaizkit».
Goizez jarduten du lanean, 10:00etatik 15:00etara: «Gehien gustatzen zaidana hemen sartzea, musika lanak konpontzea eta nire munduan ibiltzea da». Arin bazkaltzea atsegin du, jateko astunak afaritarako utzita. Siesta, berriz, «ia egunero»; lanerako mahaiaren alboko dibanean bertan gelditzen da lo sarritan, irakurtzen ari dela. Arratsalderoko paseoa ezinbestekoa duela dio, daukan astiaren araberako ibilbidearekin. Arnasberritze horretan dabilela, sarritan etortzen zaizkio abestien amaierak.
Batzutan, ordea, ibilaldi luzexeagoak egin behar izaten ditu. Madrilera hain zuzen ere, ekoitetxeko arduradunarekin egotera. Hark beti gonbidatzen du festaren batera: «Jendeak ikusi egin behar nauela esaten dit. Ados, esaten diot nik, baina lehendabizi afaldu egingo dugu!». Promozioa «neketsua» dela dio zalantza izpirik gabe, baina beharrezkotzat joko du nonbait, azken sinfonia aurrekoak baino gehiago promozionatzea erabaki baitu. Bizitzaren misterioak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.