Edukira joan

Urola Kostako Hitza

Zarautz
2008ko maiatzak 17, Larunbata

2008-04-30 | 19:18:54

Elkarrizketaren aurrerapena

Makina bat filmetako kredituetan Angel Illarramendiren (Zarautz, 1958) izena irakurri daiteke, ekoizpeneko soinu bandaren arduradun gisa. Oraingo honetan, zinema alboratu gabe, Zazpigarren Sinfonia argitaratu berri du diskoan.

Aurreko sinfoniatik berri honetara 10 urte pasatu da. Sinfonia bat konposatzeak horrenbesteko denbora eskatzen al du?

Seigarren Sinfonia egin nuenetik denbora pixka bat pasatu da, bai. Tartean, ordea, beste hainbat proiektu izan ditut esku artean: kontzertu bat, kamerako opera lana, hainbat filmentzako soinu banda... Egia esan, aspertzeko denborarik ez dut izan!

Eta halako sinfonia batean lanean hasterakoan, nondik sortzen zaizu lehendabiziko txinparta?

Batzuetan, pianoan endredatzen hasten naiz eta ideia txukun bat bururatzen baldin banaiz, partituretan idazten dut. Beste batzuetan, berriz, ideia zehatz bat bila aritzen naiz. Nolanahi izanda ere, konposizioaren ideia nagusiarekin topo egiten duzunean, gainerako lana errazagoa izaten da eta zatiak lantzen eta osatzen hasten zara.

Abiapuntu horretan zaudenean, nola jakiten duzu konposatzen ari zaren hori sinfonia bat den ala beste zerbait den?

Konposizioak berak bere bidea hartzen du normalean. Sinfonia, esaterako, diario moduko bat da. Argitaratu berri dudan honekin, guztira, zazpi sinfonia egin ditut eta bakoitzak bere bizitza propioa du. Bakoitza sasoi jakin batean eginda daude, gainera. Sinfonia musikako forma libreena da. Aitzitik, film bati musika jarri behar diozunean, istorioaren argumentua kontuan hartu behar duzu. Baina sinfoniak edozer egiteko aukera ematen dizu, musika hutsa baita.

Zazpigarren Sinfonia egiterakoan, zure bizitzaren zein unetan harrapatu zaitu?

Sinfonia bat haur bat bezalakoa da. Konposizioari ekiten diozunean, bere atzetik zabiltza uneoro. Haurrak gurasoek zaintzen dute, baina haurrak bere bizitza du eta pixkanaka hazten doa. Sinfoniak ere antzera jokatzen dute: badakizu noiz hasten zaren lanean, baina ez dakizu inoiz eta nola bukatuko duzun. Alde horretatik, Zazpigarren Sinfonia gainerako sinfoniak bezalaxe ezuste bat izan da. Izan ere, nire lanik espiritualena da, baina, era berean, ukitu apokaliptiko bat duela ere esango nuke. Hala ere, oso zaila egiten zait nire lanak zertan datzaten azaltzea. Hitzekin ezin duzu azaldu musikarekin azaldu dezakezuna. XVIII. mendeko filosofoek esaten zuten bezala, musika arimaren hizkera da.

Sinfonia bat nola hasten den azaldu duzu, baina nola dakizu noiz bukatzen den?

Sinfoniak berak esaten dizu gutxi gorabehera noiz iritsi den bukaerara. Konposizioa zahartzen doala sumatzen duzu, bere bidea egin duela, baina askotan ez da gauza erraza izaten lanari bukaera ematea. Ondorioz, hiruzpalau bukaera ezberdin egiten ditut eta, azkenean, sinpleena aukeratzen dut. Bukatu beharra dagoenez, heriotz naturalena aukeratzen diot.

Halako konposizio batean musika tresna ugari erabiltzen dira. Konplexua al da denak batera jota nola entzungo den irudikatzea?

Hori guztia heziketa kontua da! Konposizioko ibilbidea munduko ibilbide luzeena da: solfeoarekin entzumena lantzen hasten zara eta urtetik urtera prozesu hori areagotzen joaten da. Notak idazten noan heinean, musika entzuten joaten naiz nire barruan: badakit orkestrak nola joko duen hori. Gainera, grabatzerakoan ezuste gutxi izaten dut, soinu bandetan aritzea oinarri ona izan baita niretzat.

Konposatzerakoan ordenagailurik erabiltzen al duzu?

Nire lan tresnak arkatza, kitaborroia eta pianoa izaten dira. Gaur egun ordenagailua asko erabiltzen da, bai, baina nik ez diot aparteko abaintailarik topatzen. Zineman ia ehuneko ehunak ordenagailua erabiltzen du, bada, irudiak ikusiz musika sartzeko eta sinkronizatzeko. Ni, ordea, beste era batera len egiten dut: DVDa jarri eta partitura jarraitzen dut, hain zuzen ere.

Musika sinfonikoak esperimentazioaren bidea jarraitu duela eta ez duela emaitza onik eman aipatu zenuen diskoaren aurkezpenean.

XX. mendea oso berezia izan zen. Teknologia aldetik oso aberatsa izan zen eta mikrofoniak espresio bide ugari ekarri zuen arte mundura. Musikan, esaterako, genero asko sortu ziren. Musika sinfonikoan musikagile asko aritu ziren esperimentatzen eta hori oso ondo dagoen arren, lan asko bere horretan geratu ziren, jendea aspertu zutelako. Nik eragin horiek guztiak nire egin ditut, baina orain jakin badakit zer egin behar dudan eta zer ez. Intelektualizazio gehiegi jasan du, eta musikak bere arkitektura behar du, bere matemakatika. Nire nahia aspertu zen entzule hori berreskuratzea da.

Horregatik itzuli al zara sinfoniaren molde tradizionaletara?

Bai, garai hartan musikaren lengoaia apurtu egin baitzen. Artean esperimentatu egin behar da, baina hizkera galdu gabe. Arte guztiak kaos batetik jaiotzen dira, baina artistak kaos hori bideratzeko lengoaia bat erabili behar du, jendeak hori ulertu nahiz onartu dezan. Artistak berak helburu hori lortzen ez badu, kaosean geratzen da.

Eta zu zer moduz moldatzen zara kaos horretatik bidea topatzen?

Niretzat garrantzitsuena haizea bezala izatea da. Haizea librea da eta edozein tokitan dago. Haizeak ez du ezer bilatzen, hor dago besterik gabe, eta nik horixe nahi dut. Ezer dagoen horretatik zerbait adieraztea; hau da, bertsolariek bezala, etorria edukitzea.

Varsoviako Orkestra Filarmonikarekin eta abesbatzarekin grabatu duzu aurkeztu berri duzun sinfonia. Nola sortu zen beraiekin lan egiteo aukera?

Varsobian (Polonia) hainbat lan grabatu nuen aurretik, eta hango orkestra eta abesbatza ezagutzen nituen lehendik ere. Azken finean, halaxe sortu zen beraiekin lan egiteko aukera. Gainera, banekien oso orkestra berezia bezain ona zela, baita abesbatza bera ere. Urrian izan ginen bertan eta bertako antzoki nazionalean grabatu genuen.

Hara bidaiatu aurretik bidali al zenien partiturik?

Normalean, materiala aldez aurretik bidaltzen dut, baina ez askoz lehenago, hango musikariek eskarmentu handia baitute grabazio kontuetan. Orduan, soinu teknikari on bat behar duzu dena ongi jasotzeko. Edonola ere, sinfonia osoa ez da hasieratik bukaeraino grabatzen, zatika baizik. Lanaren zati bat hartu eta entsegu txiki bat egin ondoren, grabatu egiten da. Eta horrela, sinfonia osatu arte.

Gustura geratu al zara?

Bai, oso gustura geratu naiz. Gauza bat da nire musika gustatzea edo ez gustatzea, eta bestea, ekoizpenaren kalitatea. Kasu honetan, itzela izan dela esan behar dut

 

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.