
2008-04-29 | 13:45:04
AISIA
Uretako moto gidarien arabera, Zarauzkoa munduko txapelketarik "onena" da
Xabi Basterretxea antolatzaileak Freeride Zarautz txapelketaren balorazio ona egin du
«Oso-oso gustura gelditu gara eta zalantzarik gabe pozik gaude. Lau urte egon gara asteburu honetan izan dugun eguraldia itxoiten. Horrelako olatuak irteteko zain geunden, Freeride modalitatea berez zer den ondo ikusi zedin». Eztarria erabat urratuta hitz egin du Xabier Basterretxeak, uretako motoen Freeride Zarautz txapelketako arduradunak. Ahots lakarrak ez dio eragotzi, ordea, aurtengo jardunaldiaren balorazio ona egitea. «Ez da asteburua bakarrik izan, ostegunetik moto gidariak hor ari ziren olatuetan saltoka». Antolatzaileak gustura daude, beraz. Baita moto gidariak ere: «Igande arratsaldean, txapeleta amaituta zegoean, parte-hartzaileekin egon ginen eta Zarautzen oso aste dotorea pasatu dutela esan ziguten guztiek. Eta are gehiago, munduko zirkuituan egiten diren bost txapelketetatik Zarauzkoa onena dela esaten ziguten, dudarik gabe».
Arrakastaren puzzlea
Brasilen, AEBetan, Portugalen eta Frantzian egiten ditu geldialdiak uretako motoen mundu mailako zirkuituak. Baina, toki horiekin alderatuta, zer bereizgarri du Zarauzko hondartzak, moto gidariek hain gustukoa izateko?. Basterretxearen hitzetan, pieza askorekin osatutako puzzlea da: «Txapelketa antolatzeko modua, hemen jasotzen duten harrera, malekoian egoteko erosotasunak, Zarauzko eta inguruko jendeak ematen duen erantzuna... kontu guzti horiek batuta esaten dute Zarauzko txapelketa dela onena; ez gu antolatzaileak garelako, gure inguruan dagoen egitura guztiak ondo funtzionatzen duelako baizik: jendeak, jatetxeak, tabernak eta laguntzaileak».
Basterretxea «asebeteta» ageri da emaitzekin, egindako lanak bere fruituak emango dituen itxaropenarekin: «Gidarientzat, kirolzaleentzat, herria eta Euskadi munduan promozionatzeko... horregatik egiten dugu lana. Hori guztia ondo egiten bada eta aurrera jarraitzen badugu, biharko egunean agian guk dirua irabaziko dugu, baina oraingoz irabazi pertsonala ondo egindako lanaren emaitza ikustea soilik da». Halaxe mintzo da koordinazio lanetaz arduratzen den Entreolas enpresako Basterretxea.
Jauziak, diruaren arabera
Datorren urtean behintzat txapelketaren hitzorduak bere hortan jarraituko duela aurreikusten du Basterretxeak, erakunde publikoetako ordezkari politikoak ere «gustura baitaude».
Dena den, hobetzeko punturen bat izango du, ezta?: «Emandako irudia, ikusleentzako jarlekuak, boxeak ikusteko aukera... gauza asko hobetu daiteke, baina horretarako dirua behar da. Poliki-poliki ikusiko dugu zer egin daitekeen, baina esan bezala, hori guztia diruaren arabera dago».
Xenki | 2008-04-30
Asteburu honetan itsasoa gasoilez ta ondartza txerrikeriz bete, ta gero hor etorriko zaizkigu Udaletxetik, Agenda 21, ingurumenari errespetua eta garapen jasangarriarekin. Beraiek bai direla jasanezinak! zuri halakoak!
Ainhoa | 2008-04-29
Nik ulertzen ez dudana da nola egon daiteken Zarautzen modalitate honetako munduko txapelketa bat antolatzeko hainbeste borondate aurreko urteko txapelketa amaitu eta datorren urteko txapelketa hasi bitarte urteko egun guztietan kirol hau praktikatzea herriko hondartzan debekatua dagoenean. Inork esplika al diezadake?
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bruno Indian moto gidaria jauzi bat egiten
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.