
2008-10-13 | 12:56:06
Etxeberria anaiek 'Nik dauzkat aitonaren hortzak' liburua aurkeztu dute
Elkar argitaletxearekin argitaratu dute heriotza hizpide hartzen duen ipuina
"Heriotzaren gaia berezia da eta horregatik saiatu gara gehiegizko sentiberatasunik ez ematen istorioari. Ganberro izan nahi izan dugu batzutan, baina aldi berean, aurreko ipuinekin alderatuta beste estilo intimistago bat jorratu dugula uste dugu". Martin Etxeberriak hitz hauek egin ditu gaur goizean Donostiako Elkar aretoan egin duten aurkezpenean. 'Nik dauzkat aitonaren hortzak' liburua aurkeztu dute bertan Martin eta Xabier Etxeberriak. Haur literaturan lehendik ere jardundakoak baldin badira, liburu honek beste izenburu bat gehituko du beraien literatura uztan. "Heriotza haurrek berezkoa duten begirada naturaletik" jorratu dute. Elkar argitaletxearen liburu hau dagoeneko eskuragarri dago dendetan.
2008-10-13 | 11:52:01
'Bizikletan aske ibiltzeko' aldarria kalera atera dute ehunka lagunek Bizikleta Martxan
Bizikletan ibiltzeko araudi berriaren aurka ehunka eta ehunka lagun atera zen atzo kalera
"Arrakastatsua. Egundokoa. Koloretsua. Aspaldian ikusi gabekoa". Horrelakoa izan zen atzo eguerdian Zarautz zeharkatu zuen Bizikleta Martxa. Zenbait herritarrek egin zuten deialdia, bizikletan ibiltzeko araudi berria salatzeko, "debeku gutxiago eta alternatiba gehiago" lelopean. Herritar askok egin zuen bat deialdiarekin, eta Zarautzen aspaldian ikusi gabeko erantzun zabala izan zuen Bizikleta Martxak. Helduak, adinekoak, gazteak, haurrak eta gurasoak, koadrila osoak, bakarrik atera zirenak, zenbait alderditako ordezkariak... denetik ikus zitekeen atzo eguerdian Zarautz zeharkatu zuen Bizikleta Martxan.
2008-10-11 | 18:29:57
DYAren egoitza berria inauguratu dute gaur (larunbata) eguerdian
Egoitza honek boluntarioen formakuntza zentroa hartuko du
Eguerdian inauguratu dute DYAren egoitza berria, Salbideko etxeen azpian. Aurreko bi orduetan, baina, herritarrentzat zabalik izan da eta jende asko gerturatu da bertara, egoitza barrutik ikustera. Ohiko zaintza eta sendaketa gelez aparte, lokal berriak boluntarioak hezteko eta horiei euren lana nola egin erakusteko gela ere izango du. Alegia, egoitza soila baino gehiago, boluntarioen formakuntza zentroa ere izango da egoitza berria. Inaugurazioan izan dira Zarauzko Udaleko zinegotzi Patxi Elola eta Andoni Ibarguren, baita alkate Jon Urien ere. Horiekin batera etorri da Maite Etxaniz, Zarauzko alkate ohia eta egun Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Gaietarako diputatua. Politikariez gain, bertan izan da, nola ez, DYAren zuzendari Josu Artola. Honek pozez gainezka daudela azaldu du, Ģbereziki Zarauzko boluntarioak, eurak baitira hau gozatuko dutenakģ. Bestetik, aipamen berezia izan du Maite Etxanizentzat, Ģproiektu honen hastapenetan berak jasan behar izan baizituen DYAko negartiak. Berak eta bere lan taldeak emandako babesa eskertu nahi nukeģ. Bestetik, formakuntza gelaren garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, Gipuzkoan alor horretan Ģbehar handiaģ zuten.
2008-10-10 | 13:23:47
Etzirako (igandea) bizikleta martxa antolatu dute "isunen aurrean bidegorriak eskatzeko"
Herritar talde batek antolatu du eta 12:00etan hasiko da udaletxe aurreko plazatik
Herritar talde batek bizikleta martxa egingo du etzi, igandean, 12:00etan udaletxe aurreko plazatik hasita. Modu horretan "bidegorri gehiago" jartzeko eskatuko diote Udalari. Gainera, azken honek ezarri berri duen bizikleten araudia dela-eta, Udalari autokritika egiteko eskatu diote: "Udalak autokritika egin behar luke, ardura guztia herritarren bizkar utzi gabe". Izan ere, duela aste batzuk jakinarazi zuten Udaleko arduradunek bizikleta ibilgailu bat denez, "gainerako ibilgailuen arau berak errespetatu" beharko dituztela bizikleten erabiltzaileek ere. Horregatik, hemendik aurrera arauak hausten dituztenei isunak jarriko dizkiete udaltzainek. Herritar talde honen ustetan, ordea, "isunak jartzearekin lortzen den gauza bakarra jendeak bizikleta baztertzea da". Udalak "erraztasunak" jarri behar dizkie bizikleta erabiltzen duten herritarrei, baina zarauztarrak bizikleta erabiltzearen alde egon arren, "Udalak ez du halakorik erakutsi azken urteetan".
2008-10-09 | 13:19:42
Zaborren edukiontziak berritzen ari direlako Mendilautako bost kaletan norabidea aldatuko dute
Datozen asteetan hasiko dira norabide aldaketak egiten; edukiontziekin dagoeneko hasita dira
Zarauzko Udala eta Urola Kostako Udal Elkartea zaborrak biltzeko edukiontziak aldatzen ari dira egunotan. Aldaketak hainbat mailatan egin dituzte. Batetik, lehen zeuden ontzi arinentzako edukiontzi horiak eta paper-kartoientzako urdinak kendu egingo dituzte berriak jartzeko. Bestalde, tokiari dagokionez edukiontzi guztien kokapena berrantolatu nahi izan dute, multzoak berriz eginez. Antolaketa berriaren ondorioz, Mendilautako bost kaleren norabidea aldatu egingo dute datozen asteetan. Izan ere, edukiontzi guztiak kamioiak albotik jasoko ditu, eskuinetik, eta Mendilautako edukiontzi asko kalearen ezkerraldean daude. Zerbitzuetako arduradunek "ekonomikoki" eta "arrazionalki" egokiago ikusi dute kaleen norabidea aldatzea, kaleetako aparkaleku guztiak espaloi aldatzea baino.
2008-10-09 | 13:06:25
'Hezkuntzaren praktika' izeneko gidak kaleratuko ditu Udalak gurasoentzat
Haurrak hezten laguntzea da helburua eta gidetako materiala osatzeko hitzaldiak ere antolatuko dituzte
Irailaren 25ean egin zuten lehenbiziko hitzaldia Antoniano aretoan eta "oso arrakastatsua" izan zela dio Udaleko Hezkuntza Saileko arduradun Gloria Vazquezek. Hildo horretatik jarraitu nahi dute, 'Heziketaren praktika' izenburua goiburutzat hartuta, gidak kaleratuko ditu Zarauzko Udalak gurasoei haurrak hezten laguntzeko asmoz. Datorren astean kaleratuko dute lehenbiziko gida eta Gabonen aurretik bigarrena kaleratu nahi dute. Edukiak Marielo Espina psikopedagogoak landu ditu. Bestalde, lehenbiziko hitzaldiaren ildotik jarraituz, gisa bereko jardunaldi gehiago egiteko asmoa ere agertu du Udalak.
2008-10-09 | 12:56:52
Iņurritzako antolamendu berrian aparkaleku gehiago nahi ditu EAJk
Biribilgune batean amaituko litzatekeen Lapurdi kalearen luzapena proposatu du, "baina eztabaidatu eta akordiora iristeko prest gaude"
Hemendik urte askora egingo liratekeen hirigintza lanei buruz jardun du EAJk gaur, Iņurritzak etorkizunean izango duen antolamendu berriari buruzko proposamena aurkezterakoan. Dena den, Imanol Lasa eta Joxe Mari Agirre zinegotziek aukera guztien aurkezteko "memento egokia orain" dela adierazi dute, "etorkizunerako ateak itxita ez uzteko. Laburbilduz, Ikastola berriaren eta Iņurritzan eraikiko diren 120 etxebizitzen inguruan aparkaleku gehiago egitea "beharrezkoa" ikusten dute jeltzaleek. "Gaur egun ez dago bakar bat ere aurreikusita, baina etxebizitza berrien azpian Udalaren lokalak baldin badoaz, bertara joango den jendeari aparkalekua jarri behar zaio". Besteak beste, Lapurdi kalea luzatu eta biribilgune batean amaituz joan-etorriko kalea bihurtzea nahiko lukete EAJkoek. Hirigintza batzordean apirilean aurkeztu zuten proposamena, eta oraingoz, beste aukera eraikuntza enpresarena dela zehaztu dute, EAJkoen hitzetan gainerako alderdiek ez dutelako ideia berririk plazaratu.
2008-10-09 | 09:13:05
Zuberoa kaleko 12 etxebizitza sozialak esleitu dituzte behin betiko
Gaur goizeko 08:00etan egin dute ezohiko udalbatzarra, "esleipendunek etxera sartzeko duten presagatik"
Zarauzko Udalak Zuberoa kalean dituen etxebizitza sozialak esleitu dituzte behin betiko gaur goizeko udalbatzarrean, eta horrela, prozesua bere amaierara iritsi da. "Esleipendunek etxera sartzeko zuten presagatik" egin dute ezohiko udalbatzarra, eta errentan jarriko diren herritarrak berehala sartuko direla jakinarazi dute. Ahobatez onartu dute 12 etxebizitzak esleitzeko erabakia. Bost urterako kontratua izango dute eta gehienez zortzi urtera arte luzatzeko aukera; ordaindu beharreko errenta, berriz, bakoitzari baldintzek ezartzen diotena izango da. Ekainean onartu zuten behin-behineko zerrenda, alegazioak aztertuta, uztailean egin zuten zozketa, eta azken aldaketak egin ondoren bukatu dute esleipen prozesua.
Erakusketa
'Mundua zulo baten bidez ikusita', Aldundiaren bilduma
ZARAUTZ, Photomuseum - 2008-10-10
Musika
Santa Zezilia Eguneko emanaldia kalean
ZARAUTZ, Herri guztian zehar - 2008-11-22
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.