
2008-09-05 | 15:54:04
Surfari "omenaldia" egin diote herri sarrerako biribilgunean
Gaur aurkeztu du ekimena, oholak eman dituzten eragileekin batera
Txakolinari eskainitako biribilgunearen ondoren, surfari erreferentzia egiten diona etorri da. Atzo eguerdian aurkeztu zuten Udaleko kideek A-8 autobidea eta N-634 errepidea elkartzen dituen biribilgune eraberritua. Surfeko 24 ohol jarri dituzte bertan, urdinez eta horiz margotuta. Balio ez zuten oholak eman dituzte Surf Elkarteak eta herriko surf dendek eta atzo han izan ziren ordezkariak: ZSEko Iban San Martin, Essuseko Jose Antonio Sansegundo Sanse, Pukaseko Adur Letamendia, Moor dendako Joana Iturain. Patxi Elola zinegotziaren hitzetan «biribilgune ausarta» gelditu da eta herriko ezaugarri diren elementuak lorezaintzaren bidez lantzea egokia iruditzen zaio, horregatin egin nahi izan diote "omenaldia" era honetan surfari.
2008-09-05 | 15:51:32
Udal Kiroldegiak 72 ikastaro emango ditu
Izena emateko epea irailaren 10ean amaituko da ginmasioko ikastaroetarako; uretakoei 18an amaituko zaie epea
Ikasturte berrirako Aritzbatalde Udal Kiroldegiak 72 ikastaro prestatu ditu. Iaz 54 ikastaro eman zituzten guztira eta Xanti Garate Kirol zinegotziaren ustetan «igoera garrantzitsua» izan da. Izena emateko epea dagoeneko irekita dago eta herritarrek Kiroldegira bertara joan beharko dute. Telefonoz izena eman nahi duenak, berriz, 943 005123 zenbakira deitu dezake. Gimnasioan ematen diren ikastaroen epea datorren asteazkenean amaituko da, irailaren 10ean; igerilekuko ikastaroen epea, aldiz, zortzi egun gehiago egongo da zabalik eta irailaren 18an izango da azken eguna.
2008-09-04 | 15:14:46
Pilota Eskola berria urrian jarriko dute martxan
ZKEk antolatutako eskoletan eskupilotan eta gomazko pilotarekin palaz aritzeko ikastaroak emango dituzte
ZKEko pilota atalak ikasturte berrirako daukan proiektua azaldu zuen herenegun. Pilota Eskola zabalduko dute urriko lehen astean eta gazteak parte hartzera animatu dituzte. 16 urtez azpiko neska eta mutilentzat izango dira ikastaroak eta eskupilotan jokatzen ikasteaz gain, gomazko pilotarekin jokatzeko beharrezkoak diren azalpenak ere jasokoo dituzte. Hori bai, bi modalitateetako ikastaroak bereizi egin dituzte. Izena emateko epea irailaren 25 arte egongo da zabalik eta ZKEko bulegora jo beharko da horretarako (943 831463).
2008-09-04 | 13:42:18
Lehenbiziko aldiz Euskararen Eguna antolatu dute larunbaterako AEK-k eta EHEk
Herri Lasterketak, bazkari herrikoiak eta euskararen aldeko kalejirak lelo bateratua izango dute erreferentzia bihurtu asmoz
«Euskal Astearen baitan, euskararen aldeko ekimenen garrantzia eta ezinbestekotasuna lau haizetara zabalduko duen erreferentzia bat sortu dugu: Euskararen Eguna». Bihar izango da, eta antolatzaile diren heinean, AEK-k eta EHEk herritar guztiei ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete. Goizean hasita, euskararen aldeko aldarria herriko kaleetan barrena zabaltzea jarri dute helburutzat. Orain arte, Euskal Jai Egunaren aurreko larunbatean Euskararen Aldeko Herri Lasterketa eta bazkari herrikoia egin dira urte askoan. Egonkortutako ekimenak dira bi hauek, lasterketak 13 urte eta bazkariak 24 urte egingo baitituzte aurten, baina indarrak batze aldera izen beraren azpian bildu dituzte guztiak, egitaraua osatuz eta mezua borobilduz
2008-09-02 | 13:55:52
Irailaren 5ean hasiko dira berdintasunari buruzko inkesta egiten
1.000 herritarri egingo dizkiete galderak hilabeteko epean, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak aztertzeko asmoz
Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailaren ekimenez Fondo Formacion Euskadi herriko emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak aztertzeko diagnosia ari da egiten. Prozesu horren baitan, herritarrei egiteko inkesa zabala dago aurreikusita eta datorren ostiralean hasiko dira galdeketekin, irailaren 5ean. Hilabete honetan zehar, proportzionalki biztanlegoa ondo ordezkatuko duten 1.000 herritarri egingo dizkiete galderak. Lau teknikari ibiliko dira etxez etxe bisitak egiten eta inkestatuek ez dute izenik eman beharko. Inkestaren aurretik, herriko emakumeekin lau lan-talde egin dituzte teknikariek (ongizatea, lana, hirigintza eta kultura-aisia-kirola esparruak jorratu zituzten). Irailaren 18an beste lan-talde bat egingo dute osasungintza eta hezkuntza lantzeko. Urriaren 12an, berriz, gizarte foroa izango da. Eta azkenik, diagnostikoaren emaitza osatuak urriaren amaierarako prest egongo direla uste dute arduradunek.
2008-09-01 | 19:38:36
Euskal Asteak giroa berotuko du egunero egingo dituzten kultur ekitaldiekin
Basarri Saria Jon Martinen jasoko du ostiralean, eta larunbatean Herri Lasterketa eta bazkari herrikoia izango dira
Irailaren 9an ospatuko den Euskal Jai Eguna iritsi arte, ordea, makina bat kultur ekimen izango da Euskal Astearen baitan. Gaur gauean izango da aste honetako lehen ekitaldia, Oreka TX taldearen ikuskizun berriarekin. Datorren igandeko Haurren Euskal Jai Eguna bitartean egunero izango dira ekimenak, oro har, euskararekin eta euskal folklorearekin lotuta beti ere.
2008-09-01 | 19:36:49
EAk eta EAJk Zarautzen hasi dute ikasturte politikoa
Bi alderdietako buruzagiek egungo egoera politikoa izan dute hizpide
Abuztuan politikariek izandako geldialdiaren ondoren, joan den astean ikasturte politiko berria Zarautzen hasi zuten EAk eta EAJk. Hurrenez hurren, ostegunean eta ostiralean ekitaldi bana egin zuten egungo egoera politikoaz aritzeko.
2008-09-01 | 19:35:20
Lore Eizagirre da Billabong zirkuituko txapelduna
Larunbatean egin zen jardunaldian lortu zuen saria
Joan den larunbatean Nesken Surf Biltzarra egin zuten hondartzan eta egun eguzkitsua izan zenez jende ugari bertaratu zen. Emakume surflariei zuzendutako zenbait jarduera egiteaz gain, Billabong markako neskek soilik jokatzen duten zirkuituko azken proba ere jokatu zen. Lore Eizagirre zarauztarra nagusitu zen Open mailan eta zirkuituko sari nagusia ere berak eskuratu zuen. 18 Azpi mailan Edith Sansegundo izan zen garaile eta berak ere zirkuituko lehen postua lortu zuen.
Erakusketa
Oteiza. Bizirako proiektua.
ZARAUTZ, Sanz Enea kultur etxeko erakusgelan - 2008-10-10
Hitzaldia
'Basoen eraldaketa historian zehar', XXIX. Natur Astearen baitan
ZARAUTZ, Arkamurka natur taldearen egoitzan (Santa Marina 2,2) - 2008-10-14
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.