
2008-06-18 | 18:57:22
Gaur arratsaldean aurkeztuko dute '50 urte, mila pauso' liburua
Inprimategiko labetik bero-bero iritsiko dira liburuak gaurko aurkezpenera. Bertan izango da 50 urte, mila pauso liburua erditzeko lan ugari egin behar izan duen Imanol Epelde ere (Zarautz, 1977). Elkarteak mantendu duen giza «aberastasuna» biltzen saiatu da, nahiz eta horrek zailtasun bat baino gehiago ekarri dizkion lan egiteko orduan. Azken emaitza 19:30ean erakutsiko dute, Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan.
2008-06-16 | 11:55:33
Bihar hasiko da Astromomia Astea
Larunbaten eguzki behaketa egingo dute Munoan
Arkamurka Natur Taldeak antolatuta, Astronomia Astea egingo dute bihartik larunbatera bitartean. Hitzaldia, mahai-ingurua eta behaketa izango dira aurten, beti ere urte guztiak Astronomia Sailak egiten duen lana "gizarteratzeko asmoz". Larunbatean, eguzki behaketa egingo dute Munoan, teleskopio bidez hartutako irudiak pantaila batean proiektatuz. Ekainaren 21a izango denez, hitzordu berezia izango da uda sasoiari ongi-etorria eman eta solstizioaz gozatzeko.
2008-06-13 | 11:09:44
Ikastola berria eraikitzeko akordioa sinatu dute
2010-2011 ikasturterako martxan egongo dela iragarri zuen Ikastolako lehendakari Txumai Iturriak
Hiru urte eta erdi negoziatzen jardun ondoren, iritsi da Ikastola berria eraikitzea bideratuko duen hitzarmena. Atzo sinatu zuten akordioa Salbatore Mitxelenako, Udaleko eta Promociones Andizmendi enpresako ordezkariek. Horren aurretik, udalbatzarrak eman zion behin betiko onespena proiektuari eta bertan zeuden alderdi guziak gustura agertu ziren emaitzarekin. Eraikin berria Eguzkizaharra lursailean egingo dute (lehen Zarautz Garden zegoen eremuann). Gaur egun ikastola dagoen tokian, berriz, etxebizitzak egingo dituzte zati batean (horietatik 12 babestutakoak izango dira), eta beste zati bat Iñurritzako parkea handitzeko erabiliko dute.
2008-06-12 | 08:36:09
Maletatxo susmagarri batengatik hiru kale itxita egon dira goizeko lehen orduan
Ipar kalea eta Santa Marina kalea gurutzatzen diren tokian aurkitu dute, baina ez zeukan inongo lehergailurik
Zarauzko Alde Zaharrean, Santa Marina kalea, Ipar kalea eta Patxiku kalea itxita egon dira goizeko lehen orduan. Izan ere, 07;30ak inguruan, herritar batek edo batzuek (Ertzaintzak ez du datu zehatzik eman) maletatxo susmagarri bat topatu dute bi kaleen arteko bidegurutzean dagoen Eroski supermerkatuaren aurrean. Hori jakin bezain laster, Ertzaintzak bi kaleak itxi ditu Udaltzaingoaren laguntzarekin. Ertzaintzako artezilariak etorri zain egon dira, maletatxoa ikertu eta barruan lehergailurik ba ote zeukan jakiteko. Artezilariak iritsi dira, maleta eraman dute, eta Herrizaingo Saileko prentsa bulegotik jakinarazi dutenez, ez dute inolako lehergailurik topatu barruan. Goizeko 08:40rako berriz ere kalea normaltasunera itzuli da. Bizilagunen artean, ez da egon beste konturik kaleak ireki dituztenean. Aurreko eskaratzean bizi den emakume batek zehaztu duenez, kantoian dagon etxea konpontzeko lanak egiten ari diren andamioaren azpian zegoen maletatxoa eta handik atera dute.
2008-06-11 | 13:30:11
Iñaki Uriaren tortura auzia bere gain hartu orduko artxibatu egin du Madrilgo epaileak
Epaiketa egitea erabaki zuen Donostiako epailearen guztiz kontrako argudioak eman ditu
IMANOL MURUA URIA - BERRIA. Donostiako epaileak tortura salaketa sinesgarria ikusi zuen lekuan, sinesgarritasunik gabeko salaketa ikusi du Madrilgo epaileak; eta Donostiako epaileak Iñaki Uria torturatzeagatik lau guardia zibil epaitzeko nahikoa arrazoi ikusi zituen lekuan, auzia besterik gabe artxibatzeko arrazoiak ikusi ditu Madrilgoak. Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkariaren tortura auzia Donostiako Epaitegitik Madrilgo epaitegira joatea eta epaiketarako bidea ixtea, bat izan da: 17. Instrukzio Epaitegiko epaile Carlos Vaquerok auzia besterik gabe artxibatzea erabaki du eta, beraz, Uriaren atxiloketan eta galdeketan parte hartu zuten lau guardia zibilen inputazioak bertan behera utzi ditu, auzia bere gain hartu eta bi astera.
2008-06-10 | 14:37:39
Ikusi Arteko artelanak ikusgai jarri dituzte herriko 69 dendetan
Uztailaren 7a arte egongo dira eskulturak ikusgai eta irabazleak
Itzuli da Ikusi Arte. Laugarren urtez jarraian, Murkil dendari elkarteak, Udalak eta Xpression! taldeak Ikusi Arte erakusketa jarri dute abian. Herriko 69 dendetako erakusleihoetan egongo dira ikusgai artelanak uztailaren 7a bitartean. Murkilek esku-orriak ere argitaratu ditu parte hartu duten denda guztiak plano batean bilduz. Kultura zinegotzi Arantxa Iturriak aurkezpenean adierazi zuenez, «oso gustura» dago «herria erakusketa areto handi batean bihurtu delako». Ikusi Artek proposatzen duen formulak «arte garaikidea modu berritzaile eta originalean» gizarteratzeko balio duela uste du Iturriak.
2008-06-10 | 13:34:44
Landarez apaindutako balkoien lehiaketa egingo dute lehen aldiz
Udalak antolatu duen lehiaketan parte hartzeko izena udaletxean eman beharko da uztailaren 2a baino lehen
«Kaletik ikus daitezkeen baloiak eta leihoak lorez eta landarez apaintzeko helburuarekin», lehiaketa antolatu du lehenbiziko aldiz Zarauzko Udalak. Parte hartu nahi duten herritarrek udaletxean eman beharko dute izena, herritarren arretarako bulegoan. Bertan emango zaien zenbakidun txartela lehiaketara aurkeztu nahi duten balkoian edo leihoan zintzilikatu beharko dute parte-hartzaileek, gero epaimahaiak egiten duen bisitan zein toki den jakin dezan.
2008-06-09 | 15:53:06
Borja Iradier igerilaria Olinpiar Jokoetarako sailkatu da
Monakon jokatutako Mare Nostrun proban lortu du Pekinerako txartela
Aurtengo Olinpiar Jokoetan bi zarauztarrek hartuko dute parte. Batetik, Ainhoa Murua triatletari hitzez baieztatu zioten Pekinera joango zela eta orain berrespen ofiziala soilik falta zaio. Bestetik, berriz, Borja Iradier igerilariak asteburu honetan eskuratu du Pekingo hitzordu nagusian lehiatzeko aukera. Borja Iradier igerilari zarauztarra Zamorako ADZ Alcaser taldearekin aritzen da lehian eta asteburu honetan Monakon izan da Mare Nostrum zirkuituko proba batean. Olinpiar Jokoetan parte hartu ahal izateko zuzeneko txartela lortu nahi bazuen, hautatzaileek jarritako gutxieneko marka egin behar zuen: minutu bat, segundo bat eta berrogeita bost ehuneko. Bular-igeriketan 100 metro eginez, Iradierrek gutxieneko marka hori hamahiru ehunekotan hobetu zuen Monakon jokatutako proban, 1:01:32 denbora eginez. Ondorioz, abuztuko Olinpiar Jokoetan Espainia ordezkatuz joango da Iradier Txinara.
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Beirate artistikoak
ZARAUTZ, Legarra beirategian - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.