
2008-10-06 | 12:58:14
Kike Lopez asturiarra izango da ZAEko entrenatzaile berria
Antxon Illarramendi lehendakariaren hitzetan, "ziklo bat betetzeko asmoz" etorri da Zarauzko arraunlari taldea gidatzera
Jose Ramon Mendizabal entrenatzaileak utzitako hutsunea aurrerantzean Kike Lopez asturiarrak beteko du ZAEn. Eguerdian egin dute aurkezpen ekitaldia eta ZAEko lehendakari Antxon Illarramendik taldeko elastikoa jantzi dio Lopezi. Illarramendiren hitzetan, "ziklo bat betetzera" etorri da asturiarra eta bertan urte batzuk egitea da hasierako asmoa. Entrenatzaile lanez gain, arraunean ere jardungo du 1986az geroztik arraun munduan sartuta dabilen Lopezek. Orain arte Laredon ibili da entrenatzaile eta arraunlari lanetan, eta aurretik Castropol, Astillero eta Orio taldeak pasatu ditu.
2008-10-03 | 16:42:33
100 lagunetik gora joan dira 'Zorion perfektua' filmako kastinera
Urriaren 13an hasiko dira filmatzen Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako istorioa
«Begiratu kamerari. Egin irribarre. Klik! Jarri albozka eta mugitu sorbaldak. Klik! Kito. Hurrengoa». Kiko Jauregi argazki kamera eskuan hartuta eta Binahi agentziako beste bi kide datuak hartzen, Zorion perfektua filman jardungo duten estrak aukeratzeko kastina egin dute gaur Zarautzen. Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako filma urriaren 13an hasiko dira filmatzen Donostian, eta zati esanguratsu bat Zarautzen bertan grabatuko dute. Javier Elortegik zuzenduko du filma, Pausoka ekoiztetxearekin. Estrak aukeratzeko lana, ordea, Binahi agentziari esleitu diote eta beraiek dabiltza gaur Gaztelekuan. Guztira, 100 lagunetik gora izango dira gaur probak egiten eta interesa dutenek oraindik 688 644414 telefonora deitu dezake.
2008-10-02 | 16:31:53
Aritz Aranburu hirugarren errondara pasatu da Mundakan
Hodei Collazoren eta Markos Sansegundoren ibilbideak bertan behera gelditu dira bigarren errondan
Atzo hasi eta gaur jarraitu. Badirudi Mundakan jokatzen ari diren Munduko Surf Txapelketa abiada hartzen ari dela. Atzo jokatu zuten lehen errondan Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Markos Sansegundo lehiatu ziren. Inork ez zuen bere txanda irabazi eta gaurko bigarren errondak erabaki du beraien etorkizuna. Aranburuk aurrera egin du Cris Ward estatubatuarra garaitu ondoren. Collazok, berriz, zorte txarragoa izan du Adrian Buchan australiarrarekin, galdu egin baitu. Ildo beretik ibili da Sansegundo ere, Adriano de Souza brasildarrak nagusitasunez irabazi baitio. Emaitzak, beraz, Aranburu aurrera eta Collazo eta Sansegundo etxera.
2008-10-01 | 11:21:34
Aranburu, Collazo eta Sansegundo bigarren errondan ariko dira Sopelan
Bi eguneko atzerapenaren ondoren, hasi dira WCT surflariak lanean
Munduko 44 surflari onenak biltzen dituen WCT zirkuituko proba geldirik egon da bi egunez Mundakan, olaturik ez zegoelako. Baina gaur goizean abiatu da lehia. Hiru zarauztar aritu dira lehen errondako txandetan eta hirurek bigarren errondan lehiatu beharko dute, eta garaipena lortu, aurrera jarraitu nahi badute behintzat. Aritz Aranburuk bigarren egin du bere txandan, Hodei Collazok eta Markos Sansegundok hirugarrren.
2008-09-30 | 17:25:04
Frontenis Lehiaketa Mistoa jokatuko dute lehenbizikoz aurtengo Koadrila Egunean
14 eta 35 urte arteko neska eta mutil batek osatutako bikoteak izena emateko epea urriaren 6an amaituko da
Urriaren 18an ospatuko den Koadrila Egunak izango duen berrikuntzarik nabarmenetakoa lehenbiziko aldiz jokatuko den Frontenis Lehiaketa Mistoa izango da. Neskak eta mutilek osatutako bikoteekin egiten den Kros Mistoaren «arrakasta» errepikatu nahiko lukete Udaleko Gazteria Sailak eta ZKEko pilota atalak. Izan ere, elkarlanean aritu dira gazteentzako ekimen berri hau prestatzen. «Kirol giroan ondo pasatzeko asmoaz gain, gazteen partaidetza handitzea da asmoa eta baita parte-hartze hori anitzagoa izatea ere», azaldu zuen Gazteria zinegotzi Andoni Ibargurenek. Frontenis Lehiaketa Mistoan parte hartu nahi duten bikoteak neska-mutilez osatutakoak beharko dute izan. Urriaren 18ko lehian izan nahi duenak urriaren 6a baino lehen eman beharko du izena gazteria@zarautz.org helbidean edo Gaztelekuko informazio bulegoan (10:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 19:00etara). Bikotekideek 14 eta 35 urte arteko adina izan beharko dute
2008-09-25 | 18:53:50
Amenabar eraikuntza enpresako langile bat larri zauritu da
Hernanin lanean ari zela bost metroko altueratik erori da
Amenabar eraikuntza enpresako 20 urteko langile bat larri zauritu da. Hernaniko Udalaren zahar-etxea handitzeko lanean ari zela bost metroko altueratik erori da, CCOOk jakinarazi duenez.
2008-09-18 | 16:21:23
ETORKINEK EUSKARA IKAS DEZATEN AISA IKASTAROAK ANTOLATU DITU ZARAUZKO UDALAK URRIATIK AURRERA
Euskara ikasteko oinarrizko ezagutzak landuko dituzte etorkinek, gainera, hemengo ohiturak ere ezagutuko dituzte
Zarautz izango da AISA ikastaroak eskainiko dituen herrietako bat. Hori dela eta gaur goizean Zarauzko Udaleko Gizarte Ekintza zinegotzi den Maribel Albizuk eta Zarauzko Udaleko Inmigrazio teknikari Julen Arnagurenek AISA ikastaroak aurkeztu dituzte.
2008-09-16 | 17:10:42
Bost herritar epaituko dituzte bihar, iazko maiatzeko udalbatzarraren harira
Donostiako Lurralde Auzitegian izango da epaiketa 10:30ean; Maite Etxaniz eta Jon Urien lekuko gisa deitu dituzte
Iazko maiatzaren 22ko udalbatzarrean izandako gertakariak oinarritzat hartuta, bost herritar epaitu egingo dituzte bihar goizean. Udalbatzarra eteteagatik ordena publikoa urratzea eta desobedientzia delituak leporatzen dizkiete bostei, eta auzipetuen abokatuak jakinarazi duenez fiskaltzak bakoitzarentzat 13 hilabete eta erdiko espetxealdia eskatu du. Epaiketarako hitzordua bihar izango da Donostiako Lurralde Auzitegian, 10:30etik aurrera.
kirola
Pala txapelketa Herrikoia
ZARAUTZ, Zarautz - 2008-10-08
Musika
Kontzertua Putzuzulo Gaztetxean
ZARAUTZ, Zarauzko Putzuzulo Gaztetxea - 2008-10-09
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.