
2008-05-15 | 11:54:38
III. Aste Solidarioak haurrak izango ditu ardatz nagusi
Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiekin eta datorren larunbatean izango da jaialdi nagusia
Gobernuz kanpoko 14 erakunde elkartu, eta aurten ere Aste Solidarioa antolatu dute. Aste osoa iraungo duen ekimen hau antolatzen duten hirugarren urtea da eta atzo aurkeztu zuten Antoniano aretoan. Bertan izan ziren elkarteetako ordezkariak eta aurten indar bereziz haurren eskubideak landuko dituztela adierazi zuten. Behar larria duten haurrei elkartasuna erakusteko Zarauztar 1 euro 1 kanpaina jarriko dute abian eta bildutako diru guztia Rabaten (Marokko) dagoen Layamerien izeneko umezurztegira bideratuko dute.
2008-05-14 | 16:09:36
Lehen aldiz Literatur Astea antolatu du Azken Portuko Jai Batzordeak
Euskal idazle ezagunek hartuko dute parte datorren astelehenean hasiko
Festa giroko ekitaldiak albo batera utzi gabe, kulturari estu-estu lotutako jardunaldiak antolatu nahi izan ditu oraingoan Azken Portuko Jai Batzordeak. Datorren astelehenean hasi eta lau egunez, Literatur Asteaz gozatzeko aukera izango da Azken Portun. Gisa honetako ekimen bat antolatzen duten lehen aldia da, baina ez da horregatik maila eskasekoa izango. Maiatzaren 22a bitartean, euskal literaturako izen ezagunak ariko baitira beraien esperientziatik hizketan: Anjel Lertxundi, Hasier Etxeberria, Harkaitz Cano, Koldo Izagirre eta Jose Luis Otamendi.
2008-05-13 | 10:52:49
Txabarrik EAJko auzitegira eraman du Egibar
Gipuzkoako ahaldun nagusi ohiari alderdia uzteko eskatu dio herrialdeko EAJko batzarrak, Jauregiren auzia dela-eta.
Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusi ohiak EAJko auzitegi nazionalean Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) lehendakariaren kontrako salaketa sartu zuen joan den ostiralean, gaur jakin denez. Hain zuzen, Jon Jauregiren auzia dela-eta Txabarriri alderdia uzteko eskatu zion apirilaren 11n Gipuzkoako EAJko Lurralde Batzarrak, auzian hartan "alderdiaren aurka aritu zelako".
2008-05-12 | 13:15:08
Zarautz Kantuan ekimenak, hasiera ona izan du
100 lagunetik gora bildu ziren kaleak euskal kantuz alaitzeko
Larunbat eguerdian jende ugari ibili zen kalez-kale kantuan, izan ere, 100 herritar inguruk orduantxe eman zioten hasiera Zarautz Kantuan ekimenari. Antolatzaileen arabera, «oso ondo» joan zen guztia eta «gustura» gelditu dira emaitzarekin. Abeslari multzo bat hasieratik bukaerara arte egon bazen ere, beste jende asko joan-etorrian ibili zen. Zerua lainotuta zegoen arren, ez zuten aterkiak zabaltzeko beharrik izan. Txistularien lagundu zieten abeslariei eta Donostiako Kantu Jiran ibiltzen den Itziar Zamora zuzendariak gidatu zuten taldea. Amaiera, Musika Plazan eman zioten. Datorren hitzordua, ekainaren 14an izango dela jakinarazi dute arduradunek.
2008-05-12 | 10:59:22
Zarautzek Gipuzkoako Trainerillen Liga irabazi du
Bigarrenari bederatzi puntuko aldea atera dionez, nahiz eta jardunaldi bat falta, inork ezingo dio lehen postua kendu
Zarauzko trainerilla nagusitu da Gipuzkoako Trainerillen Ligan. Larunbatean eta igandean, Mutrikuko uretan lehiatu ziren Gipuzkoako trainerillak eta lehendik ere erakutsi duten maila berretsi dute zarauztarrek. Oraindik beste jardunaldi bat falta da, baina dagoeneko irabazi dute Liga. Izan ere, bigarren postuan dagoen Oriori bederatzi puntuko aldea atera diote zarauztarrek, eta jardunaldi batean gehienez zortzi puntu lortu daitezkeenez, Trainerillen Ligako txapela bereganatu dutela esan daiteke.
2008-05-09 | 13:43:34
Gipuzkoako Surf Txapelketa jokatzen hasiko dira bihar Zarauzko hondartzan
Asteburu honetan gaztetxoenek jokatuko dute eta goiko mailetako surflarien lehia datorren astean izango da
Surfzaleentzat hitzordu tentagarria izango da bihartik aurrera Zarauzko hondartzan, Gipuzkoako Surf Txapelketa jokatuko baita bi asteburutan zehar. Joan den asteburuko eguraldi eguzkitsua aste erdirako lainotu egin zen, baina itsasoak bare-bare iraun du asteburura arte. Surflariek hondartza ertzeko olatu apurretan ibili behar izan dute egunotan, baina txapelketa jokatzeko zerbait gehiago ere beharko dute. Eguraldiaren aurreikuspenek olatu gehixeago izango dela diote eta horregatik gaztetxoenen mailekin hasiko dute Txapelketa. Asteburu honetan 16 urtez azpikoak ariko dira surfean eta igandean maila hauetako txapelketak amaitzea aurreikusten du Gipuzkoako Surf Federazioko lehenakari Iulen Elkorok. Eta helduen mailetako surflariak, berriz, datorren astean lehiatuko dira, maitzaren 17an eta 18an hain zuzen ere.
2008-05-08 | 15:15:33
IX. Jazz Mintegiko gonbidatu berezia Alexis Cuadradoren laukotea izango da
Mintegiko ikasleentzat izena emateko epea ireki dute jadanik
Begirada Hego Amerikan jarrita antolatu dute uztailaren 17tik 20ra egingo den Nazioarteko IX. Jazz Mintegia, «jazz bizia, erritmikoa eta kolorezalea» ekarri nahian. Halaxe azaldu du Jazz Mintegiko zuzendari pedagogiko Ińaki Salvadorrek gaur Koldo Mitxelenan egin duten aurkezpenean. Mestizajea, jazzaren bidez lortzen den kultur aniztasuna eta Hego Amerikatik etorriko diren irakasleak izan ditu hizpide Salvadorrek, bere alboan Zarauzko Kultura zinegotzi Arantxa Iturria, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Kutxako ordezkari Haritz Sodupe eta Euskadiko Autore eta Argitaratzaileen Elkarteko Jose Lorenzo Urretabizkaia dituela. Bestalde, gaur jakinarazi dute zein izango den aurtengo gonbidatu berezia: Alexis Cuadrado Puzzles Quartet. Herrialde Katalanetatik duela 10 urte inguru joan zen Alexis Cuadrado New York aldera, eta bere inguruan sortutako laukoteak protagonismo berezia hartuko du Zarauzko Mintegian. Bakarlari ospetsu bat ekarri beharrean, talde baten aldeko apustua egin dutela zehaztu du Salvadorrek: «Proposamen artistiko bat ekartzea pentsatu genuen, urteetan ondo ibili den talde batek bizi izandako esperientziara gerturatu nahian».
2008-05-07 | 11:40:09
Zarautz Kantuan ekimena abiatuko da larunbatean
Herritarrak kanturako biltzea da helburua eta hileko bigarren larunbatetan izango da
Atzo iluntzean aurkeztu zuten Zarautz Kantuan ekimena eta larunbatean abiatuko dela jakinarazi zuten. Herritarrei gonbidapen zabala egin zieten kanturako bildu daitezen, "errazak eta ezagunak" izango direlako. Lehenbiziko hitzordua larunbatean jarri dute, Lege Zaharren enparantzan, 12:00etan. Aurrera begira, ohitura sortu nahi dute kantuzaleen bilkura honetarako eta hilaren bigarren larunbatetan bilduko dira abeslariak. Herriko musika eragileak bildu dira ekimena antolatzeko eta Udaleko Kultura Sailak laguntza emango die, esate baterako, kantutegien liburuxkak kopiatzeko orduan.
Erakusketa
Pintura eta argazkiak
ZARAUTZ, Wozzeck arte galeria - 2008-03-31
Erakusketa
Santa Maria la Real arkeologia multzoa
ZARAUTZ, Arte eta Historia Museoa - 2008-03-31
© Urola-Kostako Hedabideak S.L. - Zelai Ondo 23, 20800 - ZARAUTZ - Tel.: 943 890017
Faxa: 943 134122 - E-posta: urolakosta@urola-kostakohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Urola-Kostako Hedabideak S.L.ko kideak: Artzape (Getaria), Baleike (Zumaia), Danbolin (Zestoa), Txaparro (Zarautz) eta Uztarria (Azpeitia)
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Urola Kostako Berriak Kultur Elkartea: 58 gizarte eragile.