Zarauztarrekin landuko du udalak aparkalekuen arazoa konpontzeko proposamena

Mikel Goenaga eta Jabier Etxaburu

Herrilan zinegotzi Mikel Goenaga eta Partaidetza eta Agenda 21eko zinegotzi Jabier Etxaburu, atzo egindako agerraldian (Argazkilaria: Amaia Ventas)

Zarauzko Udalak aparkaleku faltaren inguruko azterketa egin du, eta arazoa konpontzeko hainbat proposamen landu. Proposamenok herritarrei aurkeztuko dizkiete udal teknikariek, ekainetik aurrera antolatuko duten parte hartze prozesuaren bitartez. Aipatu proposamena zarauztarren ekarpenekin osatuko dute, hala. «Parte hartze prozesu horren bidez, egungo TAO sistemaren egokitasuna baloratuko da, eta aparkalekuen arazoa kudeatzeko alternatibak aztertuko dira, herritarrekin eta haien ikuspuntuak eta beharrak kontuan izanik», nabarmendu du Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak.

Partaidetza eta Agenda 21eko zinegotzi Jabier Etxabururen arabera, prozesuak bi fase izango ditu. Lehenbiziko faseak ekainetik uztail hasierara iraungo du, eta guztira hiru bilera egingo dituzte. Lehen bietan 40-45 bat lagun bilduko dira. «Lehen bi bileretako parte hartzaileen kopurua mugatzearen arrazoia metodologikoa da; izan ere, saio hauen helburua ez da iritzia emate hutsa, elkarlanean aparkalekuen arazoari irtenbidea ematea baizik», azaldu du Etxaburuk.

Interesa dutenek ekainaren 11a baino lehen eman beharko dute izena, 943-00 51 10 telefonora deituta, edota agenda21@zarautz.org helbidera mezua bidalita. Izena ematen dutenen artean zozketa egin, eta 30 lagun aukeratuko dira. Ostalarien eta merkatarien elkarteko eta auzo elkarteetako ordezkariek osatuko dute 40-45 partaideko taldea. Parte-hartzaileak ekainaren 13an eta 20an bilduko dira, 18:00ak eta 20:00ak bitartean, Etxezabalako aretoan. Saiootan politikaririk ez dela izango nabarmendu du Etxaburuk; teknikariek gidatuko dituzte lan saioak.

Egungo sistema hobetu
Bilera horietan aparkalekuen egungo egoera aztertuko dute herritarrek teknikariekin, eta egun indarrean dagoen TAO sistemaren onurak eta arazoak jarriko dituzte mahai gainean. Ildo horretatik, sistema aldatzeko edota hobetzeko alternatibak aztertuko dituzte bertaratzen direnek. Hori guztia aztertu ostean, oinarrizko eredua garatuko dute. Jakinarazi dutenez, udalak jorratu du dagoeneko eredu hori, eta herritarren iritziekin osatuko du. «Bi lan saio hauetan Zarauzko aparkaleku publikoak kudeatzeko proposamen osatu bat ateratzea da helburua», azaldu du Partaidetza zinegotziak. «Herrian egon daitezkeen ikuspuntu eta behar anitzak hartuko dira kontuan proposamena lantzerakoan».

Hirugarren saio bat ere egingo dute, hain zuzen, aurreko bi bileretan sortutako proposamen osatua herritar guztiei aurkezteko.  Uztailaren 4an izango da hori. Kontraste saio horretan, herritarren iritzia bilduko dute, landutako proposamenarekin ados dauden ala ez baloratuko da, eta ekarpenak jaso.

Ikuspegi orokorra
Behin oinarrizko erabakia hartu, eta aparkalekuak kudeatzeko eredu berriaren ezaugarriak finkatuta, bigarren fasea abiatuko dute irailean. Herriko hainbat gunetan herritarrekin adostutako proposamena aurkeztuko dute, gerora auzo edo eremu bakoitzerako proposamen zehatzak jasotzeko. «Modu honetan herri osorako ikuspegi orokorra, eta auzo bakoitzeko premiak eta errealitatea uztartzeko aukera izango da», zehaztu du.

Aurrerago, gainera, mugikortasunaren inguruko gaiak —autobus zerbitzua eta bizikleten bideak egokitzea, besteak beste— jorratzeko herritarren iritziak biltze aldera, partaidetza prozesuak abiatuko dituztela ohartarazi du Goenagak. «TAOren inguruan egingo den prozesu parte-hartzailea abiapuntua izango da».

Udalak, beraz, ez du parte hartze prozesu horretara mugatu nahi. «Parte hartze prozesuek erabateko garrantzia dute. Politika ulertzeko dugun modua da, herritarrentzat politika egiteko herritarretatik abiatu behar dugulako».

Aparkaleku faltaren aurrean ez dagoela «mirarizko konponbiderik» nabarmendu du, eta
ekainetik hasita, aurrerantzean herriko arazoak konpontzeko proposamenak herritarrekin elkarlanean landuko ditu udalak. «Azpiegitura kulturalekin eta aurrekontuekin egin den moduan, aurrerantzean ere, parte hartze prozesuekin jarraitu dugu. Orain arteko emaitzak oso onak izan dira, eta herritarrek arazoen aurrean konponbiderako agente izan behar dutela uste dugu».

Gaurko eskaintza
argazkia
Tertangako etxea
245,00 €

deskontua

%30

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)