«Ez baldin bagara arazoaren jabe, ez gara aldaketaren alde egongo»

2012/05/24
Nork
Juan Karlos Alduntzin

Juan Karlos Alduntzin

Hondakinen kudeaketa pil-pilean dagoen gaia da. Atez atekoa, birziklatzea, errauste planta… bolo-bolo dabiltza herrian zein Gipuzkoan. Hori dela eta, hondakinen arazoaren inguruan ariko da gaur Gipuzkoako Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzin. Zarauzko Bilduk antolatuta, hitzaldia emango du Antoniano Ikastetxeko aretoan, 19:00etatik aurrera.

Bilduk Donostian eman zuen prentsaurrekoaren ostean, nahasmena eta alarmismoa sortu da. Horrek atez atekoaren kontrako indarrak sortzea ekarri du; Zarautzen, esaterako, plataforma bat sortu da. Zergatik uste duzu herritarrek atez atekoaren aurka daudela?
Alarmismoa sortu edo sortarazi egin da? Nire ustez bigarrena da. Aldaketa guztiak bezalaxe ondoeza eta kezka sortzen dute herritarrongan; ez ezagutza, aldaketari beldurra, sentimendu normalak dira. Halere, zalaparta hori guztia  sorrarazi nahi dutenen aldetik benetako arazoa ezkutatzeko erabakia dago. Herritarrok ez baldin bagara arazoaren jabe, ez gara gauzak aldatzearen aldekoak. Ez badakigu gure ohitura aldaketa txiki batek ekiditen dituen kalteak zeintzuk diren, ez diogu baiezkorik emango aldaketari.

Dagoeneko 8.000 sinaduratik gora jaso ditu plataformak atez atekoaren aurka, asko. Alkateari sinadurok erakutsi eta herri galdeketa egiteko eskatuko diote. Parte hartze prozesuen bidez erabaki behar al da hori? Zein da egin beharko litzatekeen galdera?
Ez naiz ni izango zarauztarrei eta Zarauzko Udalari zer egin behar duten esango diona. Errespetu handia diot herrietako erabakitzeko eskumen eta ahalmenei. Nire postutik egin dezakedana da hausnarketara bultzatu, egungo hondakinen kudeaketak gure ama lurra amildegira daramala erakutsi eta aldaketa behar beharrezkoa dela adierazi. Hortik aurrera herritarrekin batera eraiki beharreko kudeaketa eredua udalaren zeregina da.

Sinatzaileek bosgarren edukiontziaren bidezko bilketa defendatzen dute, atez atekoa zikina dela argudiatuz.
Topikoetako bat da hori. Europan, herrialde garatuenetan, 28 milioi italiar tartean, hondakinak atez ate biltzen badituzte ez da zikinak direlako, ezta? Halere urrutira joan gabe, hemen ditugu Usurbil eta Hernani, gertu-gertu.  Norbaitek esan al dezake hango kaleak zikinago daudela? Aldiz, zenbatetan agoantatu behar izaten ditugu edukiontzi eremua kanpotik zaborrez beteta, edota udan ontzi barrutatik ateratzen diren usainak?

Herritarrak ez ezik, zenbait politiko ere atez atekoaren kontra daude. Hondakinen kudeaketa borroka politikorako tresna gisa baliatu dutela esan zenuen elkarrizketa batean. Interes politikoak al daude horren atzean?
Kontra edo alde egoteko lehenbizi ezagutu egin behar da; beste sistemekin alderatu eta gero, egokiena eta eraginkorrena aukeratu. Halere, oso nabarmena da gaia joko politikorako erabiltzen ari direla, alderdien interesak herritarrenen gainetik jartzen ari dira. Zerbitzu publiko baten kudeaketaz ari gara, eta hobe genuke denok horren hobekuntzan sakonduko bagenu.

EAJk atez atekoa jarriz gero, Urtetako zabortegia denbora gehiagoz irekita mantentzea ekarriko duela defendatu du. Zergatik dio hori? Hala izanez gero, noiz arte luzatuko litzateke itxiera data?
Errealitatea guztiz kontrakoa da. Horrela jarraituz gero, beharko ditugu Urteta bezalako zabortegiak. Eredua aldatu beharra dugu, eta horretan ari gara. Plangintza berria egun batzuk barru egongo da prest, eta bertan, Urteta bezala, Lapatx eta Sasietako zabortegiak itxi ahal izateko azpiegiturak jasoko dira. Ez da zabortegien bizitza luzatuko. Hori gezur borobila da, ikusi ahal izango den moduan.

Argudio politikoez gain, ekonomikoa da gehien entzuten dena. Atez atekoa garestiagoa dela dio zenbaitek. Egia al da?
Beste topikoetako bat da hori. Eztabaida ezina da bilketa garestiagoa dela. Lanpostu gehiago sortu behar dira, baina hori txarra al da, are gehiago krisi egoera honetan? Hori esaten dutenek ez dute hondakinen kudeaketa eredu osoaren kostuaz ezer zehazten, badakitelako ariketa hori eginez gero ez dela garestiagoa. Gonbidatzen ditut Antzuola, Hernani, Usurbil eta Oiartzungo datuak behar bezala eztabaidatzera. Hor ikusiko dute kudeaketa osoa ez dela garestiagoa, lanpostu gehiago sortzen dituela, eta ingurumenerako hobea dela.

Errauste planta ez da egingo, eta bestelako azpiegiturak aztertzen ari zaretela esan duzu. Zer-nolakoak? Non egongo lirateke?
Gure hondakinetatik arazo gehien sortzen duen zatia, organikoa, janaria da, eta hori behar bezala aparte bildu behar da. Hori bideratzeko, sortzen den lekutik ahalik eta gertuen konspotatzeko plantak eraikiko ditugu. Eta errefusa tratatzeko plantak egingo ditugu baita ere, ahalik eta material gehien berreskuratzeko. Eta gelditzen den zatia egonkortu ondoren, hondakindegietan uzteko. Kokapenak oraindik ez dira zehaztu, hurrengo hilabeteetan zehaztuko dira falta direnak.

Atez atekoa zaborra biltzeko eredu bat besterik ez dela diozu, ez dela eredu bakar batera mugatu behar, garrantzitsuena birziklatzea, berrerabiltzea eta murriztea dela. Egun oraindik kontzientzia falta dela uste al duzu?
Kontzientziazio falta nabarmen ikusten da bilketa datuetan. Guztiok uste dugu, ni barne, gauzak ondo egiten ditugula, hondakinak behar bezala sailkatu eta dagozkien dukiontzira botatzen ditugula. Baina datuek erakusten dute ez dela hala egiten. Zarauztarrek, adibidez, %35ko gaikako bilketa tasa lortzen dute, guztiok ez dugula ondo egiten seinale. Etorkizun jasangarriagoa nahi badugu, eredua aldatu beharra daukagu.

Herri bakoitzak bere berezitasunak ditu. Zarautz asko aldatzen da urte garai batetik bestera. Neguan 20.000 biztanle inguru ditu; udan bikoitza. Herritarrak kontzientziatu bai, baina zer egin beharko litzateke turistekin?
Herri bakoitza mundu bat da. Norberak ezagutzen ditu bere ezaugarriak inork baino hobeto. Herri bakoitzak egin behar duen ariketa da, hausnarketa herritarrekin partekatu, arazoaren jabe egin eta irtenbidea eraiki. Ez dago guztientzat balio duen sistemarik, baina helburuak guztientzat berak behar dute izan. Gaika bil daitekeen guztia derrigorrez gaika bildu behar da, ezin dugu berrerabilgarria eta birziklagarria den ezer bizitzaren zikloan sartu gabe zabortegietara bota edo errauskailuan erre. Gure lehengaiak, gure baliabideak urriak dira zaborretara botatzeko.

Gaurko eskaintza
argazkia
Gula Galega Gourmet
35,00 €

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)