Bildu: «Konponbiderako giltza emango diogu zarauztarrari»

2012/05/23
Nork


Bilduren egitekoa «argia» izan da Zarauzko Udalean agintean daraman urtebetean: «Udalak antolaketa aldetik zituen hainbat hutsune konpondu dugu urte honetan, zentzu komuneko erabakiak hartu ditugu, eta airean eraikitako, eta ez buru ez hanka ez zuten proiektuak bertan behera utzi ditugu». «Egingarriak» diren zenbait proiektu aurrera eraman dituztela nabarmendu dute, baina «behar baino gehiago zorpetu gabe, eta interes espekulatibo eta enpresarial hutsen gainetik herritarrak, osasuna, ingurumena eta ekonomia lehenetsiz». Ildo horretatik, Bilduren konpromisoa herritarra «arazoaren erdian jartzea» dela nabarmendu dute, konponbiderako giltza emanez.
Bilduren programak lau hanka nagusi ditu Eider Illarramendi alkateordearen arabera: kultura, gardentasuna eta parte hartzea, ingurumena eta arlo sozioekonomikoa. Kulturari dagokionez, Lizardi antzokiaren eta Modelo zinemaren itxierek egoera «larriagotu» egin dutela dio, baina aukera bat ere zabaldu dietela. «Gure azpiegitura kulturalak aztertzeko, eta berriak behar baditugu nolakoak izan behar duten aztertzeko aukera eman digu». Hori zehazteko prozesu parte-hartzailea abiatu zuten hilabete hasieran, eta herritarrek emandako erantzunarekin «gustura» agertu dira. Maiatzaren 29an izango da azken saioa, eta bertan proposamenak aurkeztu eta herritarrekin adostuko dituzte.
Gardentasuna irizpide
Kargua hartu bezain pronto gardentasuna eta herritarren parte hartzea «ezinbestekoak» zirela esan zuten. Urtebete gobernuan igarota, bide beretik jarraituko dutela lanean adierazi dute. Zentzu horretan, aurrekontuak prestatzeko auzoz auzo errondak egin zituzten udazkenean; guztira 523 lagunek hartu zuten parte bilera horietan. Bestelako alorrak ere prozesu parte-hartzaileen bidez herritarrekin lantzeko asmoa dute udal gobernuko ordezkariek. Apiriletik kulturaren inguruko egiten ari dira eta ekainaren lehen astean, berriz, TAOri eta aparkalekuei buruzkoa abiatuko dute . «Herritarra konponbidearen erdigunean jarri nahi dugu, informatuz, kontsultatuz, eta erabakitzeko aukera emanez».
Ingurumenaren kasuan, hondakinen prebentzioan, murriztean, berrerabiltzean eta birziklatzean «urratsak egin» behar direla nabarmendu dute. Udazkenean eta neguan biohondakina sailkatzeko ikastaroak eskaini zirela gogoratu dute, baina ez zituztela «espero bezain emaitza onak» eman. Zarauzko familien %72k dute hondakin organikoa sailkatzeko giltza, baina %40 azpitik dago bilketa selektiboaren tasa. «Gure apustua gehiago birziklatzea da, eta zentzu horretan erabakiak hartuko ditugu. Gure konpromisoa %75etik gora birziklatzea da, eta erraustegirik gabeko kudeaketa aurrera eramatea». Horretarako, udazkenean informazio kanpainak egingo dituztela adierazi du Jabier Etxaburu partaidetza zinegotziak.
Bestalde, krisia kontuan izanda, alderdi sozioekonomikoari eman dio garrantzia udal gobernuak, enplegu sustapenaren bitartez. Horretarako foro sozioekonomikoa sortuko dutela jakinarazi dute. Bestalde, gastu arrunta jaistea lortu dute; horixe izan zen udalera sartu eta hartu zuten lehenbiziko erabakia: kostu politikoa %48 murriztea. Horrez gain, bestelako ekimenak ere abiarazi dituzte: Neguetxea, sexu eta droga aholkularitza zerbitzuak,ordenantza fiskalen aldaketa, Sorlekutik eta Zinemapean.
Horrekin batera, Aldapetako proiektua ere «martxa onean» doala nabarmendu du Eizagirrek. «Behin baino gehiagotan esan dute Bilduk Aldapetako proiektua atzera bota nahi izan duela. Ez da egia, martxa onean doa proiektua. Datorren astean aurkeztuko dute oinarrizko proiektua. Ondoren urbanizazio proiektua egingo dute eta bi-hiru hilabeteren buruan exekuzio egitasmoa». Haren arabera, urtebetean proiektuak zituen gabeziak konpontzen jardun dute teknikariek. Ildo horretatik, hainbat aldaketa egin dute urbanizazio proiektuari begira. Funikularra eraiki ordez, bi igogailu egitea merkeagoa dela ondorioztatu dute, esaterako.
Lorpenak lorpen, autokritika ere egin dute udal gobernuko kideek. «Nahi baino proiektu gutxiago eraman ditugu aurrera». Ez dela «ideia edota gaitasun faltagatik» izan nabarmendu du, ordea, Eider Illarramendik. «Batetik, uste genuena baino larriagoa da udaleko egoera ekonomikoa, eta horrek ito egin gaitu». Izan ere, zorpetze maila altua du udalak, eta 2012ko aurrekontuak osatzekoan zailtasunak izan dituzte. Iñaki Eizagirre hirigintza zinegotziaren arabera, 28 miloiko aurrekontutik 2.600.000 euro —polikulturalaren kontratu guztiak eteteko baliatuko dute diru kopuru bat— zorrak ordaintzera bideratuko dituzte.
«Bestetik, EAJrekin eta PSE-EErekin akordioak lortzea ezinezkoa izan zaigu, eta horrek ere apustu estrategiko batzuetan atzera egitea ekarri digu», adierazi du alkateordeak. Diru gabezia eta beste alderdiekin ados jartzeko zailtasunak izan arren, herritarrekin lankidetzan urratsak ematen jarraituko dutela diote: «Herritarra erdian jartzeko, gure politikaren eta jardunbidearen protagonista izateko, eta haiekin batera gobernua egiteko. Zarautz guztiona da, baina batez ere herritarrena».
Beste erakundeen babesa
Testuinguru «zail» horretan,beste erakundeen babesa ere jaso dutela gogoratu du. «Udal elkartea erakunde estrategikoa da, eta bere egitekoak indartu ditugu udaletik. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Zarautz hainbat urtez baztertuta izan ostean, harremanak sendotu ditugu. Laguntza eskaini digu proiektu garrantzitsuetarako». Horren adibide da saihesbidea. Gobernuan 100 egun zeramatela, herri erdigunetik igarotzen den N-634 errepidean izaten diren auto pilaketei irtenbidea emate aldera, Aldundiarekin harremanetan jarri zen udala. Trafikoari aurre egiteko bi bide daudela esan zuten: trafikoa askotariko bideetatik bideratzea, edota trafiko guztia beste bide batetik igaroaraztea. Egun Aldundiko teknikariak bi alternatibok lantzen ari direla esan du hirigintza zinegotziak. «Guretzat lehentasunezko auzia da trafikoa industriagunetara bideratzeko sarrera independentea ematea, erdigunetik pasatu ez dadin».
Trenaren lurperatzearen inguruan Gipuzkoako erakundeko teknikariak azterketa geoteknikoak egiten ari direla dio Herrilan zinegotzi Mikel Goenagak: «Prozesua amaitzen ari dira eta hilabete honen bukaeran bilduko gara haiekin, orain arte egindakoaren berri eman diezaguten». Bestalde, kultur azpiegituren auziari aurre egiteko ere Aldundiaren laguntza jasoko du.

Etiketak: , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
La molinera etxea
99,00 €
Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)