Gustuko tokian aldaparik ez

2012/05/08
Nork
Indamendiko gurutzean

Mendizaleek Indamendiko gurutzean igaro zuten ibilaldiko lehen kontrolgunea (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

Zinema pilotalekua hango eta hemengo mendizalez bete zen herenegun goizean, Zarauzko Iraupeneko III. Ibilaldiari ekiteko gogoz. Modu mailakatuan, 07:00etatik 07:15era bitartean, Zarauzko eta inguruetako mendietan barrena 45 kilometro osatu behar zutenak irten ziren lehenengo; eta ordubete geroago, berriz, 27,3 kilometrokorako izena eman zutenak. Indamendi, Santa Engrazia, Komisiolatza, Pagoetako gurutzea eta Agorregi bezalako parajeetatik ibili ondoren, parte-hartzaileak abiapuntura itzuli ziren. Jardunaldiak inolako eragozpenik ez zuen izan, eta eguraldia bera ere lagun izan zen ia egun osoan. Alde horretatik, Pagoeta Mendizale Elkarteko antolatzaileak pozik agertu ziren emaitzarekin.

Santa Engraziako ermitara igo ziren ibilaldi luzekoak (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

Parte-hartzeari dagokionez, aurten 1000 lagunek eman zezaketen izena; iaz 800 zen kupoa. Jende asko ari da Tolosako XIV. Orduko Ibilaldia prestatzen, eta horretarako entrenamendua izan zedin handitu dute antolatzaileek parte-hartze kupoa. Azkenean, 881 lagunek eman zuten izena, duela bi urteko ia kopuru bera. Ibilbide luzerako 539 kide animatu zen, eta ibilbide txikirako 342 kide. Edonola ere, 80 lagun inguru ez zen abiatu.

Guztiak gustura
«Jendea gustura geratu da, bai ibilbidearekin bai antolakuntzarekin. Ibilbidea polita izateaz gain,ongi markatu zegoela esan digute», adierazi du Pagoeta Mendizale Elkarteko kide eta ibilaldiko koordinatzaile Joseba Jauregik. Antolatzerakoan ongi moldatu diren arren, lan handia duela nabarmendu du. Aurten, izen-ematea zirkuituak.com webgunearen bidez egin dute, eta horrek kudeaketa «erraztu» diela azaldu du. «Horrelako egitasmo bat antolatzeak buruhausteak ematen ditu. Guztia ongi lotu behar da. Bukaeran, ordea, poztu egiten zara. Erantzun ona izan duela ikusten duzunean, ahaleginak merezi izan duela konturatzen zara», aitortu du Jauregik.

Ibilaldia prestatzerakoan ez dute baserritarren lursailak edota Pagoetako natur parkeko lurrak zeharkatzeko arazorik izan. Alde horretatik, laguntza eskaini dieten guztiak eskertu dituzte antolatzaileek. Era berean, parte-hartzaileen fideltasuna saritu zuten, eta jardunaldi amaieran diploma eta elastiko bana oparitu zizkieten.

Iraupeneko lehen ibilaldia Pagoeta elkartearen 50. urtemugaren harira antolatu zuten. Estreinaldiak arrakasta izan zuenez, errepikatzekotan geratu ziren. «Urtero egitea gehiegitxo iruditu zitzaigun, eta bi urtetik behin antolatzea erabaki genuen. Beraz, 2014n ere aurrera aterako dugula espero dugu».

Gaurko eskaintza
argazkia
Hazi ta Hezi
59,00 €

deskontua

%15

Goierriko Zerbitzuak

Zer aurkitu nahi duzu?

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)