«Domina baten bila joan eta hiru ekartzea ez da emaitza makala»

2012/04/20
Nork
Xabier Gorrotxategi

Xabier Gorrotxategi (Argazkia: Aritz Mutiozabal)

Pistako Espainiako Txapelketatik hiru dominarekin itzuli da Galdiano Eraikuntzak-Zarauztarra taldeko Xabier Gorrotxategi (Zarautz, 1994) txirrindulari juniorra.  Euskadiko selekzioa ordezkatuz, erakustaldi bikaina eman zuen Galapagar (Madril, Espainia) herrian, Aste Santuan, eta, orain Europako Txapelketa jokatu nahiko luke. Uztailean izango da, Portugalen. Bien bitartean, errepideko lasterketetan dabil lehian. Igande honetan, Gipuzkoako XVIII. Klasikoa korrituko du, Aian.

Helburu finkorik ba al zenuen Espainiako Txapelketara joan zinenean?
Jazarpen proban domina bat eskuratzea zen nire helburua. Berdin zitzaidan zein koloretakoa; besterik gabe, podiumera igo na­hi nuen. Ostegunean (apirilaren  5­ean) sailkatze proba jokatu genuen, eta jardunaldiko bigarren denbora onena egin nuen. Lehen bi sailkatuek final nagusia jokatzen dutenez, zilarrezko domina bermatuta neukan. Hala ere, ostiraleko finalean ezin izan nuen lehen sailkatua mendean hartu, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan nuen.

Hasierako helburua lortuta, beste bi dominak ezustean etorri al ziren?
Egia esan, bai. Puntuazio proban urrezko domina lortu nuen, eta Madison proban (binakakoan) zilarrezkoa. Gainera, hautatzaileak jazarpeneko finalaren ondoren esan zidan puntuaziokoa jokatuko nuela. Antza denez, gaizki ulertua izan genuen. Hobe horrela, inolako presiorik gabe lehiatu bainintzen. Lasterketa estua izan zen, eta esprintean helmugaratu ginen hiru lagun. Hirurok puntuazio berarekin bukatu bagenuen ere, ni izan nintzen helmugako lerroa zeharkatzen lehena. Garaipenak sekulako ilusioa egin zidan. Aurreko bost postuetan ibiltzea eta lehiatzea zen nire asmoa, eta, egia esan, ezusteko atsegina izan zen.

Lehenengo dominak konfiantza handiagoa eman zizun, ezta?
Hala izan zen. Horrez gain, hasiera-hasieratik puntuaziokoan ariko nintzela esan bazidaten, agian, ez nintzen jazarpenekoan horren txukun lehiatuko. Nahiago izan dut horrela. Bestalde, jakin banekien binakako proba korrituko nuela. Pistako proba gogorrena da, eta Ander Alonso mutiloarra izan nuen bikotekidea. Lan ona egitea zen gure helburua, eta halaxe ekin genion. Kataluniarrekin parez pare ibili ginen, proba kontrolatu nahian, baina, azkenean, murtziarrek irabazi zuten. Azken esprintari esker lortu genuen txapeldunorde izatea.

Lorpen handiak dira, dudarik gabe.
Sekulako balentria egin dudan arren, hasieran ez dut asimilatu. Jende guztiak zoriondu egin nau, eta pixkanaka-pixkanaka barneratzen hasi naiz. Egia esan, domina baten bila joan eta hiru ekartzea ez da emaitza makala.

Euskal probetan ere nagusitasun hori erakusten al duzu?
Urtarrila bukaeran Gipuzkoako txapelduna izan nintzen, eta otsail hasieran hirugarren sailkatu nintzen Euskadikoan. Hala ere, ez nuen uste horren ongi ariko nintzenik Espainiako Txapelketan. Egia esan, otsailean azterketetan nenbilenez, ezin izan nintzen behar bezala entrenatu, eta ez nuen nire maila onena eman. Agian, Espainiara sasoi betean iritsi naiz. Joan aurretik kontzentrazioak egin genituen txapelketa prestatzeko, eta paper txukuna egin genezakeela aurreikusten genuen.

Espainiako txapelduna izanda, nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera izango al duzu orain?
Espainiako Federaziotik ez didate oraindik ezer esan. Europako Txapelketa uztailean jokatuko da Anadian (Portugal), eta joan aurretik, Espainiako selekzioak kontzentrazio-deialdi bat egingo du. Espero dut bertan izan eta Europarako txartela lortzea.

Hitzordu hori kenduta, pistako denboraldia bukatu da, eta errepidekoa hasi. Horrek gorabeherak eragingo al dizkizu entrenatzerako orduan?
Orain errepiderako bakarrik entrenatzen naiz. Baina Espainiako selekziorekin deituko banindute, astean saio batzuk belodromoan egiten hasiko nintzateke. Finean, bi modalitateak ditut gustuko.

Etiketak: , , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Galerna Zarautz Hostel
18,00 €

deskontua

%15

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)