Ohiko surf ereduaz harago

2011/11/03
Nork

Kantauriko Surf Ligak «ohiko eredua apurtzeko» asmoa du. «Banakako lehia alde batera utzi, eta talde izaeraren garrantzia sustatzea» da ekimenaren helburua. Surf txapelketa eredu berritzailea da, beraz. «Egun indarrean dagoen surf eredua bakarkakoa da. Hori errotik aldatzeko helburuarekin sortu dugu Kanturiko Surf Liga», azaldu du Mikel Troitiñok, Ligaren baitako Zarauzko taldeko partaideak.
Euskal Herria Kirolak bultzatutako ekimena da, eta ohiko ereduaz harago, «taldekako lanari lehentasuna ematea» du oinarrian. Hala, herrialdekako taldeak lehiatuko dira ligan. Sei taldek hartuko dute parte: Gipuzkoako bi (Zarauzko Surf Eskola eta Getariako Lonjan taldea), Bizkaiko bi (Bakio Surf Eskola eta Sopelako Peña Txuri Surf Eskola) eta Lapurdiko beste bi (Donibane Lohizuneko Artha taldea eta Angeluko taldea). Parte-hartzaile guztiak surf kategorian ariko dira, taula motzarekin, alegia, eta hiru maila izango ditu talde bakoitzak: neskak, 18 urtez azpikoak eta open mailakoak.
Neskei bultzada
Bakarkakoa izateaz gain, egungo eredua «matxista» dela dio Troitiñok. Hori dela eta, nesken parte-hartzea bultzatuko du ekimenak, eta horiek beste mailatako surflariekin lehiatuko dira, guztiak aldi berean, eta arau eta baldintza beren pean. Ildo horretatik, «surfaren ohiko balore eta egoerei egokitutako lehia osasuntsua» sustatuko du ekimenak, «taldeen arteko lankidetza eta lagunartea indartuz». «Liga ez da lehiakorra izango, errespetuzko jarrera izango dute surflari guztiek, eta maila askotako kirolariek aldi berean surfeatu eta sari bera eskuratzeko aukera izango dute», adierazi du Zarauzko Surf Eskolako kideak.
Era berean, estreinakoz Euskal Herri osoko surflariak lehia daitezke: «Taldeak guneen araberakoak izan arren, ez du esan nahi herri horietakoak ez diren surflariek lehiatu ezin dutenik. Getariako taldean, esaterako, asko zarauztarrak dira, eta Zarauzkoan, berriz, eibartar bat dugu, besteak beste» .
Lehengo balioetara itzuliz
Talde lana bultzatzeaz gain, surflarien arteko harremanek izango dute garrantzia eta, lehia baino, «lagunartea sustatuko» du. «Egun elite mailako surflarien gunea da kirol hau. Kantauri Surf Ligak, ordea, punta-puntako surfa bultzatu beharrean, lehengo balioetara itzuli nahi du», nabarmendu du surflariak. «Lehengo surfaren balioetara itzuliko gara».
Ildo horretatik, kirolarien arteko harremanek izango dute garrantzia. «Orokorrean, surf txapelketetan surflariak lehiatu eta etxera itzultzen dira. Ez dute denbora hartzen beste surflariekin harremana lantzeko, edo lekua ezagutzeko». Hori dela eta, «truke» modukoa egingo dute taldeek: «Harremanak sustatze aldera, etxean jokatzen duen taldeak bere surf gunea erakutsiko die bisitariei. Hurrengo astean, berriz, pasa den probako bisitariak izango dira anfitrioiak». Bestalde, jardunaldi bakoitzaren ostean, elkarrekin hamaiketakoaz gozatzeko aukera izango dute.
Ordu eta erdiko lehia
Kantauri Surf Liga osatzen duten talde guztiak lehiatuko dira euren artean. Probak talde bakoitzak finkatutako hondartzan zein arerioarenean jokatuko dira. Hala,sei surfgune izango dira guztira. Zarautzen Marina Txiki tabernaren aurrean egingo dute txapelketa, eta Getarian, berriz, Gaztetape hondartzan. Hondartzotan baldintzak egokiak ez direnean, aldiz, Karramarro gunean izango dira surf jardunaldiak.
Igandetan jokatuko dituzte probak, 10:00etan, eta ordu eta erdiz jardungo dute olatuak hartzen. Jardunaldi bakoitzean bi talde lehiatuko dira, eta bakoitzetik sei surflarik hartuko dute parte. Surflari bakoitzak 15 minutu izango ditu olatuak hartzeko, eta puntuazio altueneko hiru olatu hartuko dira kontuan. Behin 15 minutuak pasatuta, lehiatu berri den taldekideak elastikoa taldeko hurrengo kideari emango dio, olatuak hartzeko haren txanda dela adieraziz. Probaren amaieran, taldekide bakoitzaren puntuak gehitu, eta puntuazio orokorra zehaztuko dute. Puntu gehien jasotzen dituen taldea izango da jardunaldiko irabazlea, eta sailkapen orokorrean postu jakin bat izango du.
Datozen probak eta finala
Igandean jokatuko dira laugarren itzuliko probak. Batetik, Bakion lehiatuko dira bertakoek zarauztarren kontra. Sopelan berriz, bertako Peña Txuri taldeak Lonjan taldearen aurka neurtuko ditu indarrak. Final handiaren aurreko jardunaldia, berriz, azaroaren 13an izango da. Gaztetapen arituko dira Lonjan eta Zarauzko Surf Eskola taldeak, eta Bakion, aldiz, bertako taldea eta Peña Txuri. Finala hilaren 20an izango da, Gaztetapen eta Marina Txiki gunean. Gaztetapen Lonjan eta Bakio arituko dira nor baino nor, eta Zarauzko gunean, berriz, bertako taldea eta Sopelako Peña Txuri. Lau taldeetatik puntuazio altuena jasotzen duenak Donibaneko taldearekin lehiatuko da. «Arazo batzuk medio, iparraldeko taldeek ezin izan dute jardunaldi guztietan parte hartu. Hori dela eta, lehenbiziko proban elkarren artean aritu ziren, eta txapelduna zuzenean finalera pasatuko zela erabaki genuen. Hala, hegoaldeko taldeen artean ligaxka jokatu dugu, eta lau taldeetatik puntuazio altuena jasotzen duenak egingo dio aurre Lapurdiko garaileari; Donibaneko taldeari, hain zuzen», azaldu du Troitiñok.
Finalaren ostean, bazkaltzera joango dira ligan parte hartu duten talde guztiak.

 

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info [RSS]

  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Udaberriko eguzkiak kultur egitarau oparoa ekarri die iruratar guztiei gunean   duela 1 ordu, 20 minutu · Ikusi

    Eguraldi onarekin batera kultur ekitaldiak etorri dira Irurara. Udaleko kultura eta jai batzordeak egitarau oparoa antolatu du Iruran maiatzean kultura 2012 ekimenaren barruan. Ondorengo egunetan filmak, pailazoak, Ikastolaren Eguna eta hitzaldiak egongo dira, besteak beste, hilaren 26ra bitarte. Hilaren 22an, adibidez, Jon Mindegiagak eta Joxemi Saizarrek Frankismoa eta Trantsizioa Tolosaldean eta Leitzaldean liburua aurkeztuko dute


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Landareen lilura gunean   duela 1 ordu, 56 minutu · Ikusi

    Koadro txikia
    30 herrialde baino gehiagotan Landareekiko Liluraren Nazioarteko I. Egunaren ospatuko da gaur. Honen harira, Fraisoro laborategian mehatxatutako landareen inguruko jardunaldia egin zuten atzo. Guztira 65 bat lagun inguru elkartu ziren bertan, norberaren esperientziak hitzaldi moduan gainontzekoekin partekatzeko. Ikerkuntzaren garrantzia azpimarratu zuten guztiek. a. imaz


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Gazte Asanbladaren areto futbol txapelketa, gaur gunean   duela 2 ordu, 10 minutu · Ikusi

    Gazte asanbladaren urteurrenerako prestatutako ekitaldiek aurrera jarraitzen dute. Gaur areto futbol txapelketa jokatu da 17:30etik aurrera. Bihar, hilak 19, mendi martxa egingo dute Onddo Gazte Asanbladako kideek. 11:00etan abiatuko dira plazatik mendira. 14:00etan bazkaria egingo dute berriro ere herrian, eta ondoren Mus Txapelketaren txanda izango da. Hilaren 22an, gaztetxean, El Odio filma ikusiko dute, 18:00etan,


  • Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du 2012-2013 ikasturterako matrikulazioa hasiko da Loatzo musika eskolan gunean   duela 4 ordu, 38 minutu · Ikusi

    Loatzo musika eskolan datorren ikasturteko matrikulazioarekin hasiko dira astelehenean. Adunan, musika eskolan egingo da, hilaren 22an goizez, eta hilaren 24an arratsaldez. Alegian, eskolan egin ahalko da hilaren 21ean arratsaldez, eta hilaren 22an, kultur etxean, goizez. Altzon, udaletxean izango da, hilaren 22an, goizez. Anoetan, musika eskolan egin ahalko da, hilaren 22an arratsaldez eta 23an goizez. Ibarrako


  • Alegialdeko Hitza-(e)k beste sarrera bat idatzi du Hirigintza batzarra, datorren astelehenean gunean   duela 4 ordu, 39 minutu · Ikusi

    Hirigintza eta ingurumen batzordeen bilera egingo dute astelehenean, hilaren 21ean, 20:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Herritarrei irekia izango da batzarra.