«Musika ipini orduko dantzarien artean magia sortzen da, zoragarria da»

2011/03/04
Nork

Hartu nahi dut arnas ozenki abestuz eta dantzatuz, «osasunaren aldeko apustua» egin nahi du Zarautz Zero Zaborrek. Ildo horretatik, martxoaren 20rako Zubietan flash mob masiboa antolatu dute, eta hainbat eta hainbat gipuzkoarrek hartuko du parte, erraustegiaren sei urteko moratoria eskatzeko asmoz. Mikel Erguin zarauztarrak sortu du koreografia. Azken hilabeteotan herriz herri dabil, entseguak zuzentzen. Bihar Zumaian (Torreberrin, 11:00etan) , Zarautzen (Barren plazan, 19:00etan) eta Donostian (Bulebarreko kioskoan, 12:00etan) izango dira, esaterako. «Oihartzun ikaragarria izaten ari den fenomenoaren» inguruan aritu zaio Erguin Urola Kostako Hitza-ri.
Martxoaren 20a gainean da jada. Zer moduz doaz entseguak?
Zoragarri doaz, oso gustura nago. Jende ugarik hartuko du parte. Usurbilen herritar ugari bildu da antolatu ditugun hiru entseguetan. Lasarten, berriz, 15 bat pertsonari irakatsi genien koreografia eta haiek jende pila bati helarazi diote ikasitakoa. Asteburuan, Zumaian, Donostian zein Zarautzen izango gara, Torreberrin, Bulebarreko kioskoan eta Barren Plazan, hurrenez hurren. Getarian ere egin genuen. Multzo handiekin zein txikiekin egin dut lan, eta koreografia konplikatua ez denez, segituan barneratzen dute herritarrek .
Entsegu asko antolatu dituzue Gipuzkoan zehar. Jende ugari animatu da, gainera.
Bai, eta poz handia eman dit horrek. Hasieran talde txikia elkartzen ginen. Patxi Olazabal Paxoren laguntzarekin koreografia osatu nuen eta Mollarri dantza eskolan egin genuen lehenengo aldiz, dantzariekin zein norbanakoekin.
Gerora, Gipuzkoa Zero Zabor taldeari esker, fenomenoak oihartzun ikaragarria izan du, eta egun hainbat eta hainbat gipuzkoarrek deitzen digu koreografian parte hartu nahi dutela jakinarazteko.
Zubietako frontoia bete nahi duzue, 2.000 pertsona elkartuta. Guztiek aldi berean dantza egitea posible izango al da?
Ahal dugun ondoen egiten saiatuko gara, noski. Esan bezala, koreografia ez da oso konplikatua eta ez da gorabehera handiegirik egongo. Hala ere, jendeak hanka sartzeko beldurrik gabe dantzatu dezan nahi dut, kezkak alde batera utzi eta gozatzea, alegia.
Musikak ere asko laguntzen du; izan ere, koreografiaren pausoak lotura estua dute letrarekin, eta erritmoak oso markatuta daude.
Nola antolatuko zarete?
Frontoia koadrantetan banatu dugu, eta koadrante bakoitzean hamar pertsona sartuko dira. Horietako batek gainontzekoak gidatuko ditu. Hala, zalantzaren bat izanez gero, aurrekoari begiratu eta dantzaren haria berreskuratu dezakete pausoa galtzen dutenek.
Parte-hartzaile ugari izango garenez, gainera, ez da igarriko norbaitek huts egiten badu. Asko izanda, gainera, emozioak eta elkartasuna nagusitzen dira dantzarien artean, magia sortzen da musika ipini orduko. Oso polita da sortzen den giroa, zoragarria.
Nola islatu duzu zero zabor taldearen filosofia koreografian? Zertan oinarritu zara?
Lehenik eta behin, kamerak goitik grabatuko gintuela izan nuen kontuan. Hori hala, eskuak asko erabili ditugu, irudiari ikusgarritasuna ematearren. Olatua egingo dugu, esaterako; izan ere ikusgarria izango da 2.000 pertsona pauso hori egiten ikustea.
Horretaz gain, letra koreografian islatzen saiatu ginen Paxo eta biok. Atez atekoa, laino beltza eta halako ideiak gorputzarekin adierazten, alegia. Ideia ugari islatu ditugu, baina modu errazean. 

Etiketak: , , , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
LA PIKURUTZA landa apartamentuak
42,00 €

deskontua

%41

Goierriko Zerbitzuak

Zer aurkitu nahi duzu?

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)